Bi hitzaldi antolatu dituzte urrirako eta azarorako, Guraso Eskolak programaren barruan

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 7a

Suizidioaren gaia landuko dute urriko saioan. (Unicef)

Urrirako eta azarorako hitzaldi bana antolatu ditu Zumaiako Udalak. Horietarako aurrez izena eman beharko dute. Otsailean, berriz, bizipen tailerrak egingo dituzte. 

Udazkenarekin batera, Guraso Eskoletako saioak itzuliko dira. Urrirako eta azarorako hitzaldi bana antolatu dituzte. Haur eta nerabeekin zenbait gai nola landu erakutsiko diete, edo, behintzat, lagungarriak izango zaizkien aholkuak emango dizkiete saioetan parte hartuko duten gurasoei.

Lehen saioa urriaren 27an izango da, astelehenez, 18:00etatik aurrera, Oxford aretoan. Biziraun elkarteko kideek gidatuko dute saioa, eta landuko duten gaia suizidioa izango da. Justu, Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko izango du hitzaldiak izena. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da brankaharrera@zumaia.eus helbidean. Izen ematea atzo zabaldu zuten, eta hilaren 23ra arte izango da zabalik.

Bigarren hitzaldia azaroaren 4an izango da, asteartez, ordu eta leku berean. Miren Rosek gidatuko du saioa, eta hitzaldiaren izena Nola hitz egin heriotzaz haur eta nerabeekin? izango da. Bigarren hitzordu honetarako izen ematea urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean egongo da zabalik, eta interesdunek brankaharrera@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute. 

Datorren urteko otsailean, berriz, bizipen tailerrak antolatuko dituzte programa horren barruan. Horietarako izen ematea urtarrilaren 16tik 23ra bitartean zabalduko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide