Europako bodyboard zirkuituan lehena da Unax Pascual, junior eta open kategorietan

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 7a

Unax Pascual garaipena ospatzen, Kanaria Handiko proban. (Utzitakoa)

Junior mailan lehena eta open kategorian bigarren izan da bodyboardlari zumaiarra, pasa den asteburuan Kanaria Handia irlan jokatutako txapelketan. Tourreko sailkapenean lehena da bi kategoriatan.

Kanariar Uharteetatik (Espainia) ezin pozago itzultzeko arrazoiak ditu Unax Pascual bodyboardlari zumaiarrak. Europako Bodyboard Tourreko bi hitzordu hartu dituzte irla horiek azken bi asteotan, Tenerifeko El Socorro hondartzan irailaren amaieran, eta Kanaria Handiko La Cicer hondartzan pasa den asteburuan, eta bietan ere emaitza bikainak lortu ditu kirolari zumaiarrak. 

Izan ere, duela hamar egun Tenerifen lortutako emaitzak berretsi ditu Pascualek Kanaria Handian ere. Bietan ere junior pro mailako irabazlea izan da zumaiarra. Ez hori bakarrik, open kategorian bigarren izan da Pascual, Tenerifen zein Kanaria Handian. 

Bi proba horietan lortutako emaitzei esker, Tourreko sailkapen orokorrean lehena da Unax Pascual lehiatzen ari den bi kategoriatan, junior mailan eta open kategorian, zirkuitua amaitzeko proba bakarraren faltan. Azken proba hori Marokon jokatuko dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz eta zer hondartzen izango den. Proba hori jokatzeko faltan, zirkuitua irabazteko aukera handiak ditu bodyboardlari zumaiarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide