Nereida Barrikarte: "Galerara egokitzeko prozesu natural bat besterik ez da dolua"

Maria Maya Manterola 2025eko urriaren 8a

Nereida Barrikarte. (Utzitakoa)

Heriotza perintalaz mahai ingurua izango da gaur Zumaiako Emakumeon Etxean. Bertan izango da Barrikarte; dolua igarotzeko halako espazioen beharraz aritu da elkarrizketan. 

Heriotza perinatalaz mahai ingurua izango da gaur Emakumeon Etxean, Esku Hutsik elkartearen eskutik. Haurra haurdunaldian, jaiotzean edo jaio ondorengo egunetan hiltzea da heriotza perinatala, eta familiei informazioa, babesa eta baliabideak eskaini nahi dizkiete, esperientziak partekatzeaz eta arretaren humanizazioari buruz hausnartzeaz gain. Nereida Barrikarte (Barakaldo, Bizkaia, 1985) psikologo perinatala da osasun psikologoa izateaz gain; hura izango da Zumaian. Saioa 18:30ean hasiko da. 

Heriotza perinatalaz hitzaldia emango duzu gaur Emakumeon Etxean. Beharrezkoa al da halako espazioak sortzea gaia gizarteratzeko?

Dolu perinatala isilarazitako eta zokoratutako dolua da, eta horrek dakar sarri gizarteak zer den ez ulertzea eta nola lagundu ez jakitea. Horregatik, halako galera bat igarotzen ari diren emakumeek bakarrik ikusten dute beren burua. Esku Hutsik elkartean beharrezkoa iruditzen zaigu dolua gizarteratzea, askotan entzun behar izaten dituztelako emakume horiek dolua baliogabetzen duten esaldiak: "etorriko da beste haurren bat", "gaztea zara oraindik" edo antzerakoak. Horrek eragotzi egiten du beren mina sentitu ahal izatea. 

Zergatik da tabua?

Zer galdera ona. Heriotza tabua da gaur egun. Lehen etxeak bihurtzen zituzten beilatoki, eta gizarteak ulertzen zuen heriotza bizitzaren parte dela, presenteago zegoen. Orain ezkutuago dago, pribatuago daukagu gaia. Gainera, Instagrameko argazkian bizi garela dirudien eta denak perfektua izan behar duen mundu hedonista honetan bizi gara, eta heriotzarekin konektatzea asko kostatzen zaigu. Hori izan daiteke pisuzko arrazoi bat, eta gainera, haurren heriotzaz hitz egitea ez du inork gustuko.

Mina areagotu egiten al du normaltasunez ez hitz egiteak?

Noski. Lehen esan bezala, emakume horiek ezin izaten dute haur horiez hitz egin. Dolu perinatal mota asko daude, baina demagun, haur hori erditzean hiltzean dela. Seme edo alaba bat da, eta emakumeek behar dute gero horretaz hitz egin, beren bizitzan eta familian kokatu... Askotan sentitzen dute ez daukatela espaziorik beren haurrei buruz aritzeko. Eta horrek min handia eragiten du. 

Zer egin behar da inguruan halakorik gertatuz gero? Nola lagundu doluan?

Familia horri bere haurraren inguruan hitz egiteko espazioa emanez, eta seme bat edo alaba bat bezala aintzakotzat hartuz haur hori. Horren inguruan hitz egiten utzi behar zaie, kontatzen nola ari diren egokitzen bizitza berrira. Eta, batez ere, ez dira esan behar beren prozesua nahiz hildako haurrak baliogabetzen dituzten esaldi horiek. 

Eta instituzioek, zer tresna eman beharko lituzkete dolu perinatala behar bezala igarotzeko?

Esku Hutsik elkartearen lan ildoetako bat da osasun langileei eskaintzen diegun formakuntza, halako galerak laguntzeko beharrezko enpatia, gertutasuna eta sentiberatasuna izan ditzaten. Guretzat, esaterako, garrantzitsua da heriotza perinatal kasuak nola tratatu jasotzen duen protokolo bat izatea Osakidetzak. Gaur egun, ospitale bakoitzaren esku dago hori, eta ez dago irizpide bateraturik. Garrantzitsua da halako galera prozesu bat igarotzen ari den pertsonak itxaron beharrik ez izatea eta artatzen ari zaion profesionala gaiaren inguruan trebatzea; ez bere kabuz, protokolo bati erantzunez baizik. 

Datuek diote lau haurdunalditik bat ez dela bukaerara iristen. Proportzio handia da hori.

Bada, bai. Isilarazi egiten dugunez, askotan gertatzen da galera igaro duen emakume bat hasten dela hitz egiten, eta inguruko beste emakume batzuek orduan onartzen dutela antzerako egoera bat bizi izan dutela. Askok aipatzen dute erditzea prestatzeko saioetan, adibidez, jaso nahiko luketela heriotza perinatalaren inguruko informazioa. Hori horrela izan ezean, gertatzen denean, pentsatzen dute beraiei bakarrik gertatu zaiela, datuek dioten arren lau haurdunalditik batean gertatzen dela. 

Zer esango zenieke seme bat edo alaba bat galdu duten familiei? 

Hasteko, asko sentitzen dudala gertatu izana. Seme edo alaba bat galtzea norbaiti bizitzan gerta dakiokeen gertaerarik okerrenetarikoa da. Dolua galerara egokitzeko prozesu natural bat besterik ez da, eta mina era lasaiago batean sentitzen den momentu batera iristen da hura igaro ondoren. 

Nori zuzendurikoa da biharko hitzaldia?

Edonor etortzeko modukoa da, garrantzitsua delako ingurukoei gertatuz gero nola jokatu jakitea dolua normalizatzeko. Doluan dauden familientzako edota profesionalentzako ere egokia da, noski.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide