Mende erdiko historia du arraun elkarteak Zumaian. Hasiera batean, Aita Mari elkartearen izena eraman zuen, baina, behin banandu ondoren, Telmo Deun arraun elkartea izena izan du azken hamarkadetan. Arraun elkartea sortu zutela 50 urte betetzen dira aurten, eta hori ospatzeko bazkaria antolatu dute.
Urriaren 18an bilduko dira bi elkarteetako kideak, arraunlari, arraunlari ohi zein arraunzaleak, urriaren 18an, larunbatean, Zumaiako Herri Eskolako patioko aterpean, 14:30ak aldera. Aurretik, eguerdiko 12:00etan, txikiteorako elkartuko dira Txikixa tabernan.
Bazkarirako txartelak erosteko epea urriaren 13an, astelehenean, bukatuko da. Aizpurua liburudendan, Turismo Bulegoan edo arraun elkartearen lokalean daude txartelak salgai, 30 euroan; 15 euroan haurren kasuan. Menu begetarianoa ere izango dela argitu dute antolatzaileek.