Ezagunak dira euskal politikagintzan Txillarreko (Elgoibar) sukaldeko otorduek emandako fruituak. Pello Rubio zumaiarraren ekimenez, han bildu ziren hainbatetan Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegi, eta garai haietan bizitakoak liburu batean bildu dituzte orain. Hain zuzen ere, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek Rubiorekin hizketan osatu dute Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan liburua.
Atzo aurkeztu zuen liburua Elkar argitaletxeak, Donostian. San Martinek nabarmendu zuen "gero bake prozesu bat izango zenaren hazia" dela Txillarre baserriko sukaldea: "Pellok bere etxean elkartu zituen elkarren aurka zeuden mundu bi, eta kontakizuna gaur egunera iritsi da orain". Ibaibarriagaren arabera, Rubio Zumaiatik Elgoibarrera nola joan zen, han lanean eta militantzian nola jardun zuen eta baserrirako jauzia nola egin zuen ere kontatu dute liburuan. "Bizipen gogorrak izan zituen bai enpresan eta baita baserrian ere, eta horri gehitu behar zaio elkarrizketarako izan zuen konpromisoa", gaineratu zuen. Bake prozesuaren hazia, baina Pello bera protagonista izanda, alegia.
Elkarreko editore Xabier Mendiguren izan zen atzoko aurkezpenean, eta aitortu zuen proposamena jaso berritan, bazekiela liburu hark on egingo ziola euskal liburugintzari, euskal memoriari edota euskal gizarteari.
Dokumentala ere bai
San Martinek eta Ibaibarriagak elkarrekin hasi zuten liburuaren idazte prozesua, eta dokumental bat grabatzeari ekin zioten horretan ari zirela HP produkzioak taldeko kideekin. Egileen arabera, dokumentalean ezin izan dute kontakizun osoa jaso, eta osoagoa da liburua. Aurki ekingo diete biak herriz herri aurkezteari –dagoeneko 30 emanalditik gora dituzte lotuta–; Zumaian ere izango dira, urriaren 29an, 19:00etan, Aita Mari zineman.