'Mi única familia' film britainiarrak emango dio hasiera zineforum denboraldiari

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 9a

Mike Leigh zinemagilearen azken lanarekin hasiko da gaur Ostarrena zine klubak antolatutako zineforum denboraldia. Udazkenean sei film emango dituzte Aita Marin. Saioak 19:00etan hasiko dira Zumaiako zinema aretoan. 

Mi única familia film britainiarra aukeratu du Ostarrena zine klubak 2025-26 denboraldiko zine forum saioei hasiera emateko. Gaur izango da denboraldiko lehen saioa, Aita Mari aretoan, 19:00etan hasita. Sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai, 5 euroan.

Mike Leigh zinemagilearen azken lana da gaur Zumaian ikusi ahal izango dena. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean, eta saririk lortu ez bazuen ere, denek goraipatu zuten Mariane Jean-Baptiste aktoreak egindako lana. Pansyren gorputzean sartzen da aktorea. Amorratuta bizi da. Haserre dago munduarekin, haserre ingurukoekin, eta zakar tratatzen ditu bai gertukoenak, bai bidean gurutzatzen zaion edonor.

Beste bost pelikula aukeratu ditu Ostarrenak udazkeneko aldirako. Honakoak dira Zumaiako zinema aretoan emango dituzten filmak. Saio denak 19:00etan izango dira. 

  • Urriak 22, asteazkena: Simón de la montaña. (Federico Luis, Argentina, 2024).
  • Azaroak 6, osteguna: Una película inacabada (Lou Ye, Singapur, 2024).
  • Azaroak 20, osteguna: La chica de la aguja (Magnus von Horn, Danimarka, 2024).
  • Abenduak 4, osteguna: Un cabo suelto (Daniel Hendler, Uruguay, 2025).
  • Abenduak 18, osteguna: Si yo pudiera hibernar (Zoljargal Purevdash, Mongolia, 2023).

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide