Nerabeei zuzendutako hilekoari buruzko tailerra antolatu dute Emakumeon Etxeak eta Gaztetxolak

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 9a

( News-Medical.net)

11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako saioa urriaren 17an egingo dute Zumaiako Emakumeon Etxean. Parte hartu nahiko duten lagunek aurrez eman beharko dute izena. 

Hilekoa hizpide izango dute Zumaiako Emakumeon Etxeak, Gaztetxolarekin elkarlanean, datorren asterako antolatutako tailerrean. 11 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ekintza izango da, eta urriaren 17an egingo dute, 17:00etan hasita, Zumaiako Emakumeon Etxean.

Hilekoa hastear zer? izena izango du jarduerak, eta Askazi heziketa menstrualeko kide Jaione Gisasola Urzelaik dinamizatuko du. Bertan, gazteek izan ditzaketen galdera batzuk erantzuten saiatuko da, hala nola, "zergatik hilekoa? Zertarako hilero? Zer gertatzen ari zait? Nola? Zer da?", eta abar luze bat. Antolatzaileen esanetan, "gorputz atalak ezagutu, ziklikotasuna zer den ikasi eta hilekoa biltzeko produktuak ezagutuko ditugu, norberaren ziklora egokitzen dena bilatzen laguntzeko, besteak beste".

Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, Gaztegunean (gaztegunezumaia@gmail.com) edo Emakumeon Etxean (info@zumaiakoemakumeonetxea.eus). Izen ematea urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide