'Karmele' eta 'Angelo en el bosque misterioso' filmak, asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 10a

Asier Altunak zuzenduta eta Donostiako Zinemaldian erakutsi duten Karmele filma ikusteko aukera izango da, gaurtik astelehenera bitartean. 

Datorren asteburuan ere bi film emango dituzte Zumaiako zinema aretoan. Helduentzako eta haurrentzako film bana programatu dituzte astebururako. 

Gaurtik astelehenera bitartean, Karmele filma emango dute. Asier Altuna (Aupa Etxebeste, Amama) zinemagilearen azken lana da, eta Jone Laspiur, Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburu ditu aktore protagonista lanetan. Filma azken Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean. Ostiral, larunbat, igande eta astelehenean (ikuslearen eguna) izango dira saioak, 19:30ean. Sarrerak aurrez salgai daude, hemen.  

Sinopsia

Euskadi 1937. Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Bertan, Txomin ezagutzen du, tronpeta jole profesional bat, eta harekin maitemintzen da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatzen da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.

Haurrentzako saioa, igandean

Herriko haurrek ez dute aspertzeko aukerarik izango igandean. Eguerdian antzezlana izango dute, eta arratsaldez, 17:00etan hasita, animaziozko filma: Angelo en el bosque misterioso. Emanaldirako sarrerak aurrez eros daitezke, hemen.

Hona hemen filmaren trailerra:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide