Sofia Oria: "Etapa berri baten hasiera izango da aurtengoa"

Aitziber Arzallus 2025eko urriaren 12a

Sofia Oria. (Utzitakoa)

Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolako irakasle eta zuzendaria da Sofia Oria. Iraileko Zumaia Guka aldizkariko Hitz tantak atalerako egindako elkarrizketa da ondorengoa. 

Sofia Oriak (Azkoitia, 1974) 26 urte daramatza Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolan lanean; musika irakasle aritu zen hasieran, eta irakasle eta zuzendari da azken hemezortzi urteotan. Eskolaren bilakaeraren testigu izan da azkoitiarra; besteak beste, musika eskola izatetik musika, dantza eta antzerki eskola izatera igaro arteko prozesuan parte hartu zuen, eta orain, eskolaren lekualdatzean ere parte hartuko du. Izan ere, orain arte Ubillos eraikinean egon den eskolak aurrerantzean Komentua izango du kokaleku; han ekingo diote ikasturte berriari.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna? 

Gurasoen etxean beti entzun izan dut musika. Gogoan dut, 7-8 urte nituela, afalosteetan irratia entzuteko ohitura genuela etxean, eta sardexka batuta izango balitz bezala hartuta, zuzentzen aritzen nintzela. Aitak galdetu zidan musika ikasi nahi al nuen, eta baietz erantzun nion. Orduan hasi nintzen musika ikasten, eta horretan jarraitzen dut oraindik ere. 

Noiz hasi zinen Zumaiako Musika Eskolan lanean?

1999an irakasle hasi nintzen, eta 2007tik eskolaren zuzendaria ere banaiz. 

Zer irakasten duzu? 

Musika Tailerra ematen diet 3-7 urte arteko umeei; Musika Mintzaira, 7-12 urte artekoei; akordeoi eskolak ematen ditut; eta musika eskolak ere bai Branka eguneko zentroan eta Itsasargi jubilatuentzako programaren barruan.

Irakasle hasieran, zuzendari ere bai gero. Ardurak ugaritzeak asko aldatu al zuen zure egunerokoa?

Eskolaren zuzendari izateak ardura handiagoa eskatzen du, eta momentu hartan hori sentitu nuen, baina gustuko ditut bi lanak. Musika irakasle izateak bizitza ematen dit. Umeekin zein helduekin aritzen naiz, eta musikak haiengan eta oro har pertsonengan zer eragin duen ikusteak hitzez adierazi ezin dudan zerbait sentiarazten dit. Zuzendari karguari dagokionez, berriz, oso aberasgarria egiten zait jarritako helburuak lortzen eta proiektuak aurrera eramaten ari garela ikustea, baita martxan jarri ditugun egitasmo horiek funtzionatzen dutela ikustea ere.

Zenbat ikasle ditu eskolak, eta zer adin tartetakoak?

Gaur egun, 440 ikasle ditugu; gazteenek 3 urte dituzte, eta zaharrenek, urte asko. Beti izan dugu nahia ahalik eta jende gehienarengana iristeko, ahalik jende gehienari musika irakasteko, ahalik eta adin tarte zabaleneko herritarrak erakartzeko, haien adina kontuan izan gabe. Garai batean helduak oso gutxi ziren, baina urteekin aldatuz joan da hori, eta gero eta gehiago dira; gaur egun, ehun bat ikasle heldu izango ditugu eskolan.

Lehen musika eskola bakarrik zen; egun dantza eta antzerki eskola ere bada. Nola uztartzen dituzue hiru diziplinak? 

Era askotako arte adierazpideen eskola izan nahi dugu, eta oraingoz hiru diziplina horiek jorratzen ditugu. Antolaketa lanak ez dira errazak, baina moldatzen gara; orain artean, batez ere espazioaren eta baliabideen arabera moldatu izan gara. Zailtasunak zailtasun, zenbat eta diziplina gehiago elkartu, eskaintzen duguna orduan eta aberatsagoa dela iruditzen zait. 

Orain arte Ubillos eraikinean izan duzue egoitza, baina Komentura lekualdatzekoak zarete aurki. Aldaketa ona izango al da?

Hil honetan bertan aldatuko gara lekuz, eta neuri 26 urte eta gero Ubillosetik alde egiteak pena ematen didan arren, eskolarentzat aldaketa ona izango dela uste dut. Komentuak aukera berri asko emango dizkigu, eta dagoeneko baditugu buruan hainbat proiektu han martxan jartzeko modukoak izan daitezkeenak. Lekua bera, berriz, zoragarria da. 

Zein da zure lanaren parterik onena?

Ikasleekin dudan harremana. 

Eta zein da gutxien gustatzen zaizuna?

Burokraziaren oztopoak.

Gogotsu al zaude ikasturte berriari ekiteko?

Gogotsu nago, bai; gainera, Komentura lekualdatzea dela eta, etapa berri baten hasiera izango da aurtengoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide