Martin arrantzalea gure lurraldean ikusi dezakegun hegazti ederrenetakoa da. Oso erraz bereizten da. Bizkarraldea, buztana eta burua urdinak ditu, eta sabelaldea, berriz, laranja bizia. Moko luzea, buztan motza eta hanka txiki gorrixkak ditu. Gurean urte osoan ikusteko aukera dugu, ur korronte geldoko edo ibai ertaineko erreketatik hasi eta itsas hertzeko paduretaraino. Dieta nagusia arrain txikiak, krustazeoak eta intsektu akuatikoak ditu. Argazkian ikus daitekeen bezala, bere ehiza metodoa adar batetik zelatatzea izaten da. Abiadura handiz salto egin, harrapakina hartu, adarretara itzuli eta kolpe trinkoen bitartez arraina hiltzen du, gero buruz behera irensteko. Arren eta emeen arteko desberdintasun handiena moko azpiko kolorea da: emeak laranja izaten du; arrak, berriz, guztiz beltza. Gazteak direnean, bizkarraldea berdexkagoa edukitzen dute.
Habia hondar edo buztin hormetan egiten du, eta 4-10 arrautza zuri jartzeko gai da. Oso lurraldekoiak dira, eta egunero, 1-4 kilometro karratuko lurraldea defendatzen dute, batez ere, janari lekuengatik.
Beste izen batzuk: markinete, aniltxori, errekatxori, urtxori…
Luzera eta hego zabalera:
16-17 zentimetro eta 24-26 zentimetro.