Zumaiako Mugimendu Feministak Palestinaren askatasunaren alde deitu duen manifestazioak arrakasta izan du. "Ibaitik itsasora" Palestinak libre izan behar duela aldarrikatu dute ehunka herritarrek, eta Israelen politika kolonialista eta genozida gaitzetsi dituzte aho batez.
Israelek Palestinaren kontrako politika kolonialistaren indarrak biderkatu zituela bi urte bete diren honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur eta bihar Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko deialdi orokorra egin zuen. Ekimen horrekin bat egin eta gaurko manifestazioa antolatu zuen Zumaiako Mugimendu Feministak, eta arrakasta izan du: dozenaka herritarrek Israelen politika genozidaren aurkako oihu bateratua ozendu dute herriko kaleetan zehar.
Israelgo estatu genozida suntsitu! lelopean, manifestazioa 19:00etan abiatu da Beheko Plazatik, eta Israelen kontrako boikota nahiz Palestinaren askatasuna eskatuz zeharkatu ditu herriko kaleak, harik eta jende-saldoa errekaren aurrera iritsi den arte. Bertan, Urola ibaiaren bokalean, duela astebete Israelgo armadak Gazako kostatik gertu atxiki zuen Global Summud Flotillaren espedizioa irudikatu dute hainbat ontzirekin. Amaia plaza inguratu ostean, Saregileen plazan amaitu dute mobilizazioa. Bertan, Israeleko bandera erre du ekintzaile talde batek.
Genozidioaren kontrako aldarria eskualdeko beste plaza batzuetara zabalduko da bihar: Azpeitiko eta Zestoako talde feministek elkarretaratzeak deitu dituzte 12:00etan, eta manifestazioa egingo dute Zarautzen, ordu berean.