Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuztera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragileek biharko. Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Urola Kostan ere izango dira protestarako hitzorduak.
Hainbat dira sindikatuen lanuzte eta greba deialdiekin bat egin duten norbanakoak. Ondorioz, bihar hainbat lantegitan, zerbitzu publikotan –udal eraikinetan, Osakidetzaren zentroetan, garraio publikoan eta abar– nahiz hezkuntza zentrotan geldialdiak egin nahiz gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.
Udaleko langile batzuek lanuzte deialdiarekin bat egingo dute, eta, horren ondorioz, 11:00etatik 15:00etara bitartean zerbitzuak emango direnik ez da bermatuta egongo. Udal langileak deituta daude 11:15ean udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzera. Udal Gobernuak, bere aldetik, bat egin du sindikatuek egindako deialdiarekin.
Protesta ekintzak
Gernika-Palestina herri ekimenak 19:30erako jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Zumaiako kasuan, Saregile plazan egingo dute. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko deia egin die.