Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako San Juan egoitza berritzeko lanak egingo ditu datozen urteotan, instalazio guztiak egungo araudietara egokitzeko eta "adinekoentzako espazio modernoago eta irisgarriago bat sortzeko helburuarekin". Berritze integralaren barruan, egoitza guztiz eraberritzeko asmoa du aldundiak, eta lan horien barruan bere garaian mojen bizileku zen, eta egoitza eta Ubillos jauregi artean dagoen eraikina eraitsiko dute.
Berritze lanak oinezkoen pasabidearen luzatzearekin hasiko dituzte, 2019. urtean abiatutako irisgarritasun proiektuarekin jarraituz. Urte hartan zabaldu zuten Odieta eta egoitza lotzen dituen igogailua, eta San Jose kale gainetik igarotzen den oinezkoen pasabidea. Harekin batera, pasabidearen azpian plazatxo bat ere atondu zuten. Horrek guztiarekin herria eta egoitza arteko irisgarritasuna hobetzeko pausoak eman zituzten.
Datozen egunotan ekingo diete oinezkoen pasabidea luzatzeko lanei. Horien bidez, egun egoitzeko atera heltzen den pasabidea eraikineko beste guneetara ere luzatuko dutela iragarri dute.