Urriaren 23ra arte luzatu dute Forondako bi tailerretarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 16a

Margoak.

Haurrentzako oinarrizko pintura eta egur taila tailerren berri emateko ate irekiak egin dituzte aste honetan. Bi ikastaro horietarako izen ematea datorren astera arte luzatu dute jarraian.

Foronda kultur etxean eskainiko dituzten bi ikastaroren berri emateko ate irekiak egin dituzte aste honetan bertan. Haurrentzako oinarrizko pintura eta egur taila ikastaroetan egiten duten lanketa ezagutzeko aukera izan dute Forondara bertaratu direnek. Horri lotuta, bi ikastaro horietarako izen ematea luzatu dute, urriaren 23ra arte, hain zuzen. 

Oinarrizko pintura ikastaroa LH3 eta DBH4 bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago, eta Mireia Lizundiak emango du, azarotik maiatzera bitartean. Astearte eta ostegunetan izango dira saioak, 17:00etatik 18:00etara bitartean. 

Egur taila ikastaroa ere azarotik maiatzera bitartean emango da, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 

Ikastaro horietarako izena Alondegia kultur etxean eman daiteke, 09:30etik 14:30era bitartean. Telefonoz ere apuntatu daiteke, 943-86 10 56 zenbakira deituta, edo posta elektroniko bidez kulturetxea@zumaia.eus helbidera idatzita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide