Zaldibar (Bizkaia) Euskal Herriko gazte feministen elkargunea izango da urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte. Egun horien antolakuntza lanetan dabil Laura Iparragirre (Zumaia, 2001), eta aipatu du "komunitate feminista batzeko eta indartzeko" beta izango dutela han. Dena aldatzea dute anbizio, eta feminismoa lubaki.
Elizondotik (Nafarroa) eta Usurbildik (Gipuzkoa) zatozte. Saretzea zen lehen edizioko helburua; greba feminista orokorraren bezperetan egin zen bigarrena. Zertarako elkartuko zarete orain Zaldibarren?
2021ean lehen Baterajotzea izan zen Elizondon, pandemiaren testuinguruan, eta gaur egun bizi dugun krisi anizkoitzaz aritzeko parada izan genuen han: zer paper izango genuen neska gazteok, eta nola erantzun testuinguru horri. Saretzearekin lotuta zegoen, beraz. Greba feminista orokorraren atarian egin genuen bigarrena, Usurbilen, 2023an, eta edizio hartan gazte perspektibatik proposamen propioak egiteari ekin genion. Antolaketa propioa sustatzea zuen helburu horretarako. Gerora garatu den subjektu aldaketaren prozesua ere Usurbilen abiarazi zen.
Unean uneko beharren arabera joan da moldatzen Baterajotzearen funtzioa, tresna gisa ulertzen dugulako. Pobrezia eta pribatizazioa nagusi diren garaiotan, eta eskuin muturraren nahiz erreakzionarismoaren gorakada aintzat hartuta, elkargune funtzioa izango du aurtengoak, Zaldibarkoak. Komunitate feminista batzeko eta indartzeko momentua dela uste dugu, eta zentzu horretan, bere burua gazte eta feministatzat duen oro Zaldibarrera joatera gonbidatzen dugu.
Subjektu politikoaren aldaketa aipatu duzu.
Neska* izatetik neska, bollera eta trans izatera igaro gara, horrek dakarren guztiarekin. Ez da izen aldaketa hutsala, garrantzitsua da zer gorputz, irakurketa eta egiteko modu sartzen diren horren pean. Sarearen beraren izaera aldatzea dakar, hori da helburua.
Feminismoa lubaki lelopean antolatu duzue Baterajotzea. Zer-nolako lubakia da feminismoarena?
Lehen aipaturiko testuinguru horren aurrean, eskuin muturraren gorakadarena eta, guretzat feminismoa bera da lubakia, eta hortik jarduteko eta lubaki hori bera defendatzeko hautua egiten dugu. Urteotan guztiotan Euskal Herriko mugimendu feministak esan bezala, gure aurkako gerrak ikusgarri egitean datza feminismoak, eta gerra horien guztien aurrean, feminismoa bera da gure babes eremua eta konspiratzeko aukera ematen digun lekua. Euskal feminismoa garaira egokitu den bezala, lubakiak ere moldatzea nahiko genuke testuinguru bakoitzera. Guri dagokiguna da egoeraren analisiak egin eta horretara egokituko diren espazioak sortzea nahiz bidean beharrezkoak diren aliantzak egitea.
Beldurraren kultura hedatzea da boterearen tresnetako bat, aurkezpenean aipatu zenutenaren arabera. Nola egin aurre horri feminismotik?
Proiektu politiko bat da beldurra, botereak darabilen proiektu politikoa. Gizartea zaurgarritzen du horrek, eta subjektuak zaurgarri egiten dituzunean, erantzuteko gaitasuna kentzen diozu, balizko segurtasun baten pean kokatzen direlako, eta horren truke erantzuteko gaitasun hori kentzen diezulako.
Immobilismoa da horren ondorio nagusietako bat, eta feminismotik eta beste borroka guztietatik egin behar genioke horri aurre. Mugimendu feministan iruditzen zaiguna da beldurraren kulturak otzan eta bakarti nahi gaituela, eta horri aurre egiteko gure tresna autodefentsa feminista izan behar da. Horren aurrean antolatuta eta borrokarako prest topatu behar gaituzte.
Askotariko krisiei begira jarriko zarete: neoliberalismoa, prekaritatea, lan karga bikoitza, arrazakeriazko politika migratorioak... Nola erantzun horiei guztiei feminismotik?
Feminismoak patriarkatua du jopuntuan, baina kapitalismoa eta kolonialismoa ere bai. Batzuek uste dutenaren kontrara, ez da borroka itxi, sektorial edo partziala, transbertsala baizik, eta mugimendu honek badauka dena aldatzeko anbizioa eta nahia. Bide horretan, feminismoaren lubakitik erantzuteko modu bat da aliantzak egitea sistema horien aurka egiteko. Baterajotzean bertan ere horretan jardungo dugu: feminismotik bestelako auzi sozialen inguruko eskaintza izango da, feministok beste mugimendu batzuetan ere parte hartzen dugulako. Horren adibide dira izango ditugun hitzaldiak edo bestelakoak: ikasleekin, antirrazistekin, erresistentzia lodiaren mugimenduarekin...
Erreakzionarismoa eta feminismoaren despolitizazioa aipatu zenituzten aurkezpenean. Zeintzuk dira arriskuak?
Feminismoaren despolitizaziorako joerak badauka arrisku garrantzitsu bat: neurri batean, patriarkatuaren izaera sistemikoa ukatu egiten da. Hori gainditzeko ezintasun bat garatzen du horrek, aldatzeko aukerarik gabe uzten du. Horregatik uste dugu oso arriskutsua dela despolitizazioarena. Bestalde, eskuin muturretik datorren erreakzionarismoak diskurtso antifeministak garatu ditu, hortik egiteko aliantzak batik bat gizon zuriekin. Fokua klase menderatzaileetan jarri beharrean, mugimendu sozialetan eta bazterreko sektoreetan jartzen da, eta hori arriskutsua da, militante feministontzat ez ezik, erantzuteko gaitasunean eragina duelako horrek ere.
Nola landuko dituzue aipaturiko eztabaida eta gai horiek guztiak Zaldibarren?
Bi mahai inguru nagusi izango ditugu: genealogiari begira jarriko gara lehenengoan, eta Euskal Herriko mugimendu feministak azken urteotan izan dituen eztabaida, borroka eta garaipenetan murgilduko gara. Lubaki feministatik norantz? izango da bigarrena, eta saio horretan, orain arte egindakoa aztertzeaz gain, aurrera begira jarriko gara. Gazte feministok emango dugu bigarren hori, Bilgune Feministakoekin batera. Hitzaldiak ere izango dira: zaintzaren ingurukoak, memoria historikoaz, erresistentzia lodiaz, drag mugimenduaz... Bertso saio musikatuak, antzerkia, kontzertuak eta DJak ere bai.
Nola berma daiteke Baterajotzeko hausnarketek eta ekintzek jarraipena izango dutela ondoren?
Azken Baterajotzean erabakiak hartu genituen, subjektu aldaketaren prozesua garatzearena, adibidez. Hori herrietara eramatea izan zen gero lana. Feminismoaren lubakia babestea eta elikatzen jarraitzea da oraingo honetan gure helburua, eta uste dugu mezu hori herrietara eramatea izango dela eginkizun nagusia. Herrietatik segi behar dugu horri tiraka, herriak feminismotik eraldatzen eta gazte problematikari erantzuten lekuan lekuko dinamikak martxan jarrita.