53 urteko emakume bat hiltzea leporatuta, 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Zarautzen. Hilketa matxista gaitzesteko, Zarauzko Udalak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Lege Zaharren Enparantzan, eta jarraian, 19:15ean, manifestazioa abiatuko da leku beretik, hainbat eragilek deituta, Erailketa matxistarik ez lelopean. Zumaiako Mugimendu Feminista ere kalera aterako da hilketa salatzera. Zarauzko manifestaziora batzeko deia egin du; 19:00etako trenean elkartuko dira elkarrekin joateko.
Zumaiako Udalak ere hilketa gaitzetsi du
Oharra plazaratu du Zumaiako Udalak hilketa gogor gaitzetsi, eta hildakoaren familia eta gertukoei "elkartasun osoa" adierazteko. "Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea", nabarmendu dute.
Era berean, herritarrei dei egin die Zarautzen 19:15ean egingo den manifestazioan parte hartzera.