Pola de Sieron (Asturias, Espainia) izan zen joan den zapatuan Siero Musical elkarteak antolaturiko Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren bigarren edizioa, eta Iker Gonzalez zumaiarra saritu zuten han. Bigarren saria eman zion epaimahaiak.
Nun-yos tengas perceguera izeneko lana aurkeztu zuen Gonzalezek, Sidoro Villa poeta asturiarraren testuetan oinarrituta. Haurrentzako lan hori Asturiasko animalia txikien bueltan sortu du, eta estilo eta eragin musikal ugariren bidez girotzen da. Gonzalezek azpimarratu du lan hau asturieraz egitearen garrantzia, eta Jose Angel Embilen laguntza izan zuela horretarako.
Lehiaketara 21 lan aurkeztu ziren Hego Amerikako eta Espainiako hainbat tokitatik, eta irabazlea Maria Diaz Megido izan zen, Seles lanarekin. Epaimahaiak lanen aniztasuna nabarmendu zuen, eta sari banaketaren ostean, bi obrak zuzenean entzuteko aukera izan zen Coral Angel Embil abesbatzaren eskutik.