Uda sasoia amaitzeko oraindik egun batzuk falta badira ere, urtaroari lotutako oporrak, atseden egunak, esperientziak eta sentsazioak iragana dira dagoeneko. Memoriako tiraderetan gordeta geratuko dira, duela hamarkada batzuk, paperean inprimatutako argazkiak mesanotxeetako kaxoietan gordetzen zituzten bezala. Batzuk, helduak, lanera bueltan izango dira jada; gazteagoek, ikasleek, ikasturte berria hasita edo hastear izango dute. Ikasgela berriak, edo ez; lagun berriak, edo ez; kurtso berriko liburuak eskuetan hartu eta ikasteari egiteko gogoak, tamainan. Zumaiako ikastetxeetako ikasturte berria abiatzearekin batera, martxan jarriko dituzte duela bi urtetik hona Etxape Zentro Sozialistan eskaintzen dituzten errefortzu eskolak ere.
"Saiatuko gara aurtengo eskolak irailaren amaierarako martxan jartzen", dio ekimeneko boluntario den Aitor Tenak. Harekin eta Rapha Yeregirekin, hura ere boluntarioa, jarri du hitzordua Gukak errefortzu eskolez hitz egiteko. Uztail hasierako arratsalde beroan, Aita Mari auzategian kokatzen den Etxape Zentro Sozialistan elkartu dira biak hezkuntza, auzolana eta elkartasuna ardatz dituen ekimenaz mintzatzeko.
Duela bi urte, 2023-24 ikasturtearekin batera, hasi ziren Mugimendu Sozialistako (MS) kideak proposamena aztertzen. "Ikasturte hura inoizko eskola itzulera garestiena izango zela zioten", du gogoan Tenak. "Eskola materiala bakarrik ez, bizitza orokorrean garestitzen ari zen eta, aldi berean, soldaten jaitsiera edo izoztea ere ari zen ematen", jarraitu du. Langile klasearen barruan pobretze bat geratzen ari zela gogoratu du boluntarioak, eta horri aurre egiteko, "etxebizitza, lana edo kirol arloan egin genuen bezala, ikusi genuen eskolaz kanpoko hezkuntza ere bazela heldu beharreko gai bat".
Tenaren esanetan, garai hartako datuek erakusten zuten klase partikularren beharra handitzen ari zela familia batzuetan, "besteak beste, eskola publikoan ematen ari ziren murrizketengatik eta ratioen igoerengatik". Eskola partikularren beharra areagotzen ari zen bezala, MSko kideen ustetan, familiek eskolatik kanpoko jarduera horietara bideratu beharreko diru kopurua ere handitzen ari zen. Tenaren iritziz, hor ere "desberdintasun" batzuk ari zirela ematen. "Langile klaseko familia kolpatuenek diru gutxiago bideratu zezaketen klase partikularretara, eta, batzuetan, horiei uko egin beharrean aurkitzen ziren, erosteko ahalmen handiagoa zuten familiekin gertatzen ez zen bezala". Testuinguru horren barruan abiatu zituzten errefortzu eskolak Aita Mariko espazioan, "langile klaseak duen behar bati erantzun nahian".
Tena hasieratik badago, Yeregi iazko ikasturtearekin batera hasi zen eskola horietan kolaboratzen. "Jende gehiago ere izan da aurretik, baina hainbat arrazoigatik, izan lan kontuengatik edo beste konpromiso batzuengatik, joan egin da". Lagun batek animatuta hasi zen kolaboratzen eskola horietan. "Ni berez ez naiz GKSko [Gazte Koordinadora Sozialista] kidea, baina badut hemengo partaidea den lagun bat, eta hark galdetu zidan ea klaseak emango nituen hemen, aurretik zegoen irakasle batek utzi zuelako". Txikia zela egoera prekario bat bizi behar izan zuen lagun batez oroitu zen Yeregi, "eta hark eraman ninduen [hemengo ikasleekin] enpatia izatera. Zer kostatzen zitzaidan astean pare bat ordu eskaintzea eta, modu horretan, laguntzea?", bota du galdera airera.
Klase partikularren beharra handitzearen atzean arrazoi bat baino gehiago dagoela uste dute bi boluntarioek. Hezkuntza munduan izandako murrizketak hor daude, baina baita, beraien esanetan, eskolatik kanpoko jarduera horietara joaten diren haurren gurasoek bizi duten egoera ere. Yeregik dioenez, "gaur egun bi gurasoek lan egin behar dute, eta seme-alabei laguntzeko hainbesteko denboratik ez dute izaten". Etxe bakoitzeko egoerak, familia bakoitzak dituen diru sarrerek, horrek guztiak eragina duela uste du Tenak. "Etxe batzuetan, seme-alaba bakoitzak bere logela du, mahai txukun bat, ordenagailua eta Interneterako sarbidea. Beste familia batzuetan, aldiz, bizpahiru umek gela bera partekatu behar dute, eta amaren sakelakoa erabili behar izaten dute. Hor, familien arteko desberdintasunak sumatzen dira", azaldu du. Haren esanetan, estatistikek erakusten dute erosteko ahalmen handiagoa duten familietako haurrek denbora gehiago bideratzen dutela ikasketetara, eta, aldiz, egoera prekarioan bizi diren familietako seme-alabek, gutxiago. Horrek, boluntarioen ustetan, eragina du ikasle horien errendimenduan. Arrazoi bat, bi edo bostengatik, haur horiek behar dituzte klase horiek", adierazi du zorrotz Yeregik.
Euskaraz aritzeko gunea
Errefortzu eskolekin urte gutxi badaramate ere, horietara joaten diren ikasleen profil bat eginda dute arduradunek. Batetik, ikasleen ehuneko handi bat eskola publikoan ari da egiten ikasketak, "nahiz eta", Tenaren esanetan, "Zumaienarekin ere izan dugun harremana, eta bertatik ikasle bat edo beste ere etortzen den". Bestetik, gehiengoa "erdalduna" dela ere adierazi dute, "euskaraz ez dakiena edo, behintzat, beraien artean euskara erabiltzen ez dutena". Adinari dagokionez, aurreko ikasturteko ikasle guztiak Lehen Hezkuntza egiten ari ziren. Hau da, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ziren. "Hala ere, ez gaude itxita DBHko ikasleei".
Euskara da errefortzu eskoletara joaten diren haur batzuen gurasoek indartzea eskatzen duten ikasgaietako bat. "Familia batzuk ez dira gai beraien seme-alabei euskaraz egiteko, edo euskararekin laguntzeko. Hona etorri diren haurren kasuan errepikatu den faktoreetako bat da", dio Tenak. Atzerritarren seme-alabek euskararekin laguntza behar izaten dutela errepikatu du Yeregik, baina baita, kasu batzuetan, haurren gurasoak hemengoak izanda ere, "gurasoek euskaraz agian ez dakitelako, edo, hemen hezita ere, umeei laguntzeko [hizkuntzarekin] konfiantzarik ez dutelako". Zentzu horretan, errefortzu eskolak euskaraz jarduteko "ingurune onak" direla uste dute. "Guraso beraiek esaten digute beraien haurrekin euskaraz hitz egiteko".
Beste gai batzuk ere lantzen dituzte Etxapeko klaseetan, ingelesa edo natur zientziak, esaterako. Matematikarekin ere haur horiek laguntza handia behar izaten dutela uste dute bi boluntarioek. "Zailtasun handiak sortzen dizkien ikasgaietako bat da matematika", nabarmendu du Yeregik, "batez ere, behin atzean geratzen bazara, horri buelta ematea oso zaila delako". Haurretako baten esperientzia ere kontatu du boluntarioak: "Ikasleren bat izan dugu matematiketan ez zena oso abila. Identifikatu genituen zein ziren haren hutsuneak eta haiek betetzen saiatu ginen, egunean jartzeko". Horri esker, aurrerapen azkarra izan zuela diote. "Hori beraiek ere igartzen dute, eta klasera beste jarrera batekin joaten dira, konfiantza berreskuratuta eta beldurrak usatuta".
Errefortzu eskolan ari den ikaslea hobekuntzak egiten ari dela jakiteak "satisfakzio handia" ematen diela onartu du Yeregik. "Azkenean, ikusten duzu zuk egiten duzun lanak baduela ondorioa. Hobetzen doanean, ikaslearen irribarre hori zuk ere igartzen duzu. Azkenean, hori da helburua: ez akademikoki bakarrik hobetzen laguntzea, baita izateko moduan ere".
Espazio atsegina
Astean ordubete edo ordu eta erdiko saioak izaten dituzte, "ikasleen edo taldeen beharren arabera". Zentzu horretan, ikastetxeekin harremanak izaten saiatzen direla azaldu dute eta horri esker irakasleek esaten dizkietela ikasle bakoitzaren beharrak eta zertan jarri arreta. "Normalean, dinamika hori izaten da: ikasle bakoitzak bere lanak ekartzen ditu, eta laguntzeko egoten gara gu", argitu du Aitor Tenak.
Bertaratzen direnek "espazio eroso bat" edukitzea ere badute helburu, "ikasleek bai, baina baita familiek ere". Eskolako ariketekin laguntzeaz gain, "zeharkako beste helburu batzuk" ere sustatzen dituztela nabarmendu dute boluntarioek. "Euskara gehiago erabiltzera eta praktikatzera animatzen ditugu, baina baita bizikidetza sustatzera ere". Horman itsatsitako orri bat seinalatuta, "arau batzuk" dituztela ere esan du Aitor Tenak, "modu batera edo bestera balio batzuk sustatzeko eta elkarri laguntzeko".
Jakitun dira haur horiei zaila egiten zaiela, behin ikastetxetik aterata, eskola partikularretara joatea. "Horregatik saiatzen gara ahalik eta espazio atseginena sortzen", jarraitu du Tenak. Horretarako, ordutegia ere zaintzen saiatzen direla diote, eskola ordutegitik ahalik eta azkarren izateko". "Oso ondo portatzen dira", esan du Rapha Yeregik. "Nik uste kontziente direla, edo hori igarri dut, behintzat, beraiek laguntzeko ekimen bat dela, eta hori guztia boluntario moduan egiten dugula. Horrek ardura bat sortzen die hemen ondo portatzeko eta eskaintzen diegun denbora hori ahalik eta hobekien aprobetxatzeko".
Herriko ikastetxeei egiten duten lanaren berri eman dietela adierazi du Tenak, bai Herri Eskolari, baita Zumaienari ere; Oikiakorekin ez dira oraindik harremanetan jarri, "aztertu beharko dugu hori", dio. Aipatu ikastetxeetako irakasle batzuekin posta elektronikoko helbideak partekatu dituztela ere. "Baliagarriak diren datu batzuk eman zizkiguten. Datorren ikasturtera begira, ikastetxeekin harreman "formalago" bat edukitzea izango litzateke beraien gogoa eta erronka. "Gehienbat tutoretza mailan, harremanak egonkortzeko eta gure proiektua hobetzen joateko. Erronka hori jarriko diogu gure buruari", azaldu du Tenak. "Horrek aukera emango liguke irakatsi nahi diegun ikasgai horietan gauzak aurreratzeko, eta klasera heltzen direnerako prest egoteko", jarraitu du Yeregi. Bere ustetan, "profil horietako ikasleek behar dute laguntza hori, eta behin klasera heltzean konturatuko dira ikasgai hori dagoeneko landu dutela. Hala, askoz hobeto aurreratuko dute klasean zehar".
Ikastetxeekin bakarrik ez, udaleko sail desberdinei eta bestelako eragileei ere eman diete Etxapen egiten dutenaren berri.
Boluntarioen beharra
Errealistak dira, eta jakitun dira dituzten baliabideak urriak direla. "Ez gara asko eta ematen ditugun orduak ere ez dira asko. Orduan, ezin ditugu ikasle asko hartu", onartu du Rapha Yeregik. "Ikasle horiekin astean pare bat ordu egoten gara, eta ondo aprobetxatzen dituzte. Emaitza onak izan dituzte haurrek, eta gurasoek esan digute hori; irakasleek ere esan digute hobekuntzak izan dituztela. Ekarpen bat egiten dugu eta hori da helburua: ikaslea atzean ez uztea".
Eskaintza handitu ahal izateko, ikasle gehiago hartu ahal izateko, boluntario gehiagoren beharra dutela ere azpimarratu dute. "Horregatik gonbidatzen dugu jendea laguntza ematera, ordubete, bi ordu... Horrek aukera emango liguke ikasle gehiago hartzeko eta malgutasun handiagoa izateko gure artean ere", dio Yeregik. "Akaso, ordubeteko klasea izatetik ordu eta erdira luzatzea izango genuke", jarraitu du Tenak. "Espazio desberdinak ditugu hemen, eta batzuetan aldi berean ematen ditugu klaseak. Bi irakasle izan beharrean, hiruzpalau izango bagina, ikasle bakoitzari denbora gehiago eskaini ahal izango genioke".
Boluntario izateko modu desberdinak daudela ere esan dute dute. "Denek ere ez dute modu berean jarri beharrik beren alea. Eskolak eman ditzakezu, baina aritu zaitezke, baita ere, eskola materiala biltzen edo irakasleekin harremanetan jartzen", adierazi du Tenak. Zentzu horretan, edozein ekarpen ongietorria izango dela azaldu du, "horrek proiektua osatu egingo lukeelako". Auzolanaren kultura, boluntariotza edota militantzia galdutzat jotzen dituzten garaiotan, "sarbide unibertsala eta doakoa den eskaintza ematea da gure aspirazioa, ahalik eta kalitate handienarekin".
Etxapeko errefortzu eskolan boluntario izateko Mugimendu Sozialistako kidea izatea beharrezkoa ez dela errepikatu dute hitzorduan zehar. "Familiei ere hori esan nahi diegu", garbi utzi nahi izan du Yeregik. "Espazio ireki bat da hau, umeei laguntzea da helburua, eta kito. Jakinda, eta kontziente izanda, langile klaseari langile klaseak laguntzen diola".
Haurra errefortzu eskolara bideratu nahi duten gurasoek edo boluntario gisa aritu nahi dutenek harremanetan jartzeko bide egokiena telefonoa (622 21 85 25) edo posta elektronikoa (urolakosta@kontseilusozialista.eus) direla azaldu du Tenak. "Beste bide bat ere badago, ahoz ahokoa. Aurreko urteko ikasturtean gertatu zitzaigun. Egun batean bost haur etorri zitzaizkigun klaseak hartzera, eta bat-batean ama bat etorri zen bere umearekin, jakin zuelako eskolak ematen genituela".