Bigarren eta hirugarren izan dira Gonzalez-Etxabarri ahizpak Brasilen

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 19a

Annette eta Janire Gonzalez-Etxabarri, Brasilen jokatutako txapelketan.

Challengers Series zirkuituko Banco do Brasil Saquarema Pro proba jokatu dute Brasilen. Annette Gonzalez-Etxabarri finalera sailkatu da, ahizpa Janireri irabazi eta gero, baina azken txandan ezin izan du Yolanda Hopkins portugaldarraren aurka. 

Denboraldi aparta ari da izaten aurtengoa Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrentzako. Aste honetan Brasilen jokatu duten Banco do Brasil Saquarema Pro proban ere goi mailako surfa erakutsi dute biek ere, eta podiumeko goiko postura igotzeko zorian izan dira.

Aurreko txanda guztiak gainditu ondoren, Challengers Series zirkuiturako puntuagarria zen txapelketako finalerdietan aritu ziren bi ahizpak elkarren aurka, finalerako txartelaren bila. Oraingoan, ahizpa gaztea zaharrari gailendu zitzaion. Annette Gonzalez-Etxabarrik 13 puntu lortu zituen, eta 10,83 Janire Gonzalez-Etxabarri.

Finalean, Yolanda Hopkins portugaldarra izan zuen aurkari surflari zumaiarrak. Hopkinsek hobeto ekin zion finalari, eta 5,83 puntu eman zizkion olatu bat hartu zuen. Gonzalez-Etxabarrik erreakzioa izan zuen finalaren amaieran, baina ez zen nahikoa izan txapelketa irabazteko. 13,16 puntu lortu zituen portugaldarrak eta 10,20 zumaiarrak. Sailkapenean, hirugarren izan da Janire Gonzalez-Etxabarri. 

Brasilen lortutako puntuei esker, Challengers Serieseko sailkapenean seigarren postuan kokatu da Annette Gonzalez-Etxabarri, 17.185 punturekin, 15 postu igoz sailkapenean. Janire Gonzalez-Etxabarri, aldiz, 21.a da sailkapenean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide