Ikus-entzunezkoen bi proiektuk jasoko dute aurten gazte ekimenak bultzatzeko diru laguntza

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 20a

Malen Trenado eta Oier Romatet (erdian), Karmele Gomez teknikariarekin eta Maite EgaƱa zinegotziarekin. (Zumaiako Udala)

Olagarroa, Malen Trenado zumaiarraren dokumental esperimentalak, eta 700, Araitz Garate eta Oier Romatet gazteen film laburrak jasoko dute aurten Zumaiako Udalak emandako laguntza ekonomikoa.

Gazte ekimenak bultzatzeko diru laguntzen deialdia egin du aurten ere Zumaiako Udalak. 18 eta 30 urteko herritarrek hartu ahal izan dute deialdi horretan, eta 5.000 euroko partida gorde du udalak gazte proiektuak sustatu ahal izateko, nahiz eta hautatutako proiektu bakoitzak, gehienez, 2.000 euro jaso ahal izango dituen. Gazteen grinak babestea da, udalaren arabera, deialdi horren helburua. 

Ikus-entzunezkoen bi proiektu lagunduko ditu aurten udalak diruz. Bata dokumental esperimental bat da, Malen Trenadoren Olagarroa, eta bigarrena fikziozko film labur bat, Araitz Garatek eta Oier Romatetek zuzendutako 700. Biak ere dagoeneko martxan daude. 

Olagarroaren arrantzari eta haren bueltan sortutako kultura du hizpide Malen Trenadoren Olagarroa dokumentalak. 16 milimetroko formatu analogikoan egina, Alejo Aizpurua eta Maite Aizpurua aita-alabak ditu protagonista, eta herriko paisaia, gastronomia eta belaunaldien arteko transmisioa uztartuko ditu.

Etorkizun distopiko kokatzen den 700 fikziozko film laburra da hautatutako bigarren lana. Komunitate batek arau zorrotzak ezarri beharko ditu baliabide eskasia dagoen gizarte batean, biziraun nahi badu. Haur batek hamar urte betetzeak beste bizitza baten sakrifizioa dakar, eta horren bidez familia, moral eta giza-konbentzioen inguruko hausnarketa egiten du filmak. Zuzendariak Araitz Garate eta Oier Romatet badira ere, atzean ikus-entzunezkoen sorkuntzan lehen urrats profesionalak eman nahi duen gazte talde zabal bat dago. Filmaketaren berri emango dute Instagrameko @700laburmetraia kontuan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide