Burujabetza teknologikoaren inguruko jarduerak egingo dituzte datozen egunotan herrian

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 20a

Software askeko kodeak. (Pixnio)

Asteazkenean, subiranotasun teknologikoaren inguruko hitzaldia izango da Emakumeon Etxean, eta han aipatutakoa praktikan jarriko dute hilaren 28an Hogarreko elkarlan gunean egingo duten festan. 

Software aske eta kode irekiko programen inguruko bi jarduera egingo dituzte datozen egunotan Zumaian. Batetik, asteazkenean, hilaren 22an, 18:30ean hasita, Burujabetza teknologikoa, gaur inoiz baino beharrezkoagoa! izeneko hitzaldia eskainiko du Maider Likonak Emakumeon Etxean. Jarduera horrek jarraipena izango du datorren astean, urriaren 28an, Piztu kooperatibak, Albergak eta Abailak Hogarrean egingo duten ekintza batekin.

Kooperatibako kideen esanetan, multinazional handien alternatiba dira software askea eta kode irekiko programak. Nabarmendu dutenez, edonork du askatasun osoa softwarea edozein helburutarako erabiltzeko, edota azter dezake softwarearen funtzionamendua bere beharren arabera aldatzeko. "Teknologia subiranoek multinazionalen uztarria gainetik kentzen digute, egunero jasaten ditugun jazarpenetatik libratzen gaituzte, eta erabili, aldatu eta partekatu dezakegun software bat eskura jartzen digute", azaldu dute antolatzaileek. Gaineratu dute, "teknologiaren erabilera demokratikoa" ere bermatzen duela. 

Hori dela eta, software askearen inguruko tailerra antolatu dute urriaren 28rako, eta Likonak etzi landuko duen gaia praktikan jarriko dute datorren astean. Saioa Hogarrean egingo dute, Albergak duen elkarlan gunean, eta ordenagailuetan instalatu daitekeen software aukera aztertuko dute. "Ikusiko dugu hasiera batean ezezagunak izan eta zalantzak sor ditzaketen horiek praktikan seguruak direla, eta orain arte erabiltzen ari garenak bezain eraginkorrak, edo eraginkorragoak direla". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide