Zumaiako Udalak, herriko kirol klubekin, eta Zumaiako anbulatorioarekin elkarlanean, haur eta gazteen ongizate digitalaren aldeko ekimen bateratua aurkeztu berri du. Aitor Manterola Kirol zinegotzia arduratu zen ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz atzo arratsaldean eragile guztiek egin zuten agerraldian.
Ekimena bera aurkeztu aurretik, baina, hura testuinguratu zuen Manterolak. Izan ere, bere hitzetan, "helduengandik hasita, neurriz kanpokoa izatera iritsi da mugikorren erabilera". Horren inguruan Altxa Burua mugimenduak hezkuntza formalean egindako "lan handia" azpimarratu nahi izan zuen zinegotziak, eta aurkeztu berri duten ekimena ere elkarteak dituen helburuekin lerrokatuko dela: "Haurren eta gazteen ongizate digitala sustatzea". Lan horren osagarri bezala, eta hezkuntza formaletik harago kokatu dute proposamena.
Hezkuntza ez formalaren baitan kirola da "ardatz nagusietako bat", Manterolaren esanetan, "nagusiena ez bada". Horregatik, Altxa Buruaren aholkularitzarekin eta Zumaiako anbulatorioaren babesarekin, proposamen bat landu eta klubei aurkeztu zien udalak. Helburua da ekimen hori lurreratzea eta eguneroko ohituretan eragitea, irizpide zehatzak eta aldaketa txiki baina errealak bultzatuz, "inposaketarik eta derrigortasunik gabe".
Beste modu batera esanda, ekimena teknologia eta ongizatearen arteko oreka bilatzeko gonbidapena da, eta debekatzea baino gehiago, "hausnarketa eta jarrera eraldatzailea" sustatu nahi ditu. Horretaz gain, proposamenak jarrera eraldaketa praktikoak bilatzen ditu: pantailen erabilera mugatzea, aurrez aurreko harremanak sustatzea eta eredu osasungarria eskaintzea entrenatzaile, guraso eta kluben aldetik.
Kirol kluben dekalogoa, konpromiso eta bideorri
Teoriak teoria, praktikan kirol klubei gutun bat helarazi zaie, horiek gero gurasoei bidaltzeko. Gutun horretan sei proposamen bildu dituzte, neurri praktiko eta zehatzak: kirol jardueretan mugikorra saihestea, aldageletan gailu adimendunen erabileraren gogoeta piztea, 16 urtez azpikoen komunikazioak gurasoak dauden kanaletan egitea, entrenatzaileek ez onartzea 16 urtez azpiko gaztetxoen lagun-eskaerak sare sozialetan, gaueko 21:00etatik aurrera mezurik ez bidaltzeko konpromisoa hartzea, teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea.
Horrekin batera, dekalogo bat ere osatu dute, zeinaren bidez Zumaia aitzindaria izango den. "Telmo Lazkanoren taldearen laguntza izan dugu, eta bertan hamar neurri jaso ditugu". Dekalogoan, besteak beste, hurrengo ideiak bildu dituzte: buruz-buruko komunikazioa lehenetsi, ziberjazarpenaren eta arrisku digitalen aurkako babesa, atsedena eta deskonexio digitala bultzatzea nahiz kirola garapen pertsonalaren ardatza izatea.
Helburu horien beharraz hausnarketa sustatzeko, Manterolak mugikorren erabileraren hainbat datu eman zituen. Sapiens Labs taldearen Global Mind Project azterketak erakutsi duenez, nesken artean osasun mental ahuleko sintomak %74raino igotzen dira lehen mugikorra 6 urterekin jasotzen dutenean, eta %46ra jaisten dira 18 urte arte atzeratzen bada. Bestalde, Cyberguardians txostenak agerian utzi du smartphoneen erabilera orokortu zenetik adingabeen nahasmendu mentalak bikoiztu egin direla, eta nerabeen heren batek baino gehiagok egunean bost ordu baino gehiago ematen dituela pantailaren aurrean.
Hurrengo pausoa: Mugikorrik gabeko guneak
Aurrera begira, ekimena herriko bestelako esparruetara ere eraman nahi du udalak. Hori horrela, hurrengo pausoa herriko jolas-parke eta kirol-guneetan egingo dute. Zehazki, panelak jarriko dituzte horietan, espazio horiek mugikorrik gabeko guneak izan daitezen sustatzeko.
Helburua ez da inor epaitzea izango; helduoi burua pantailatik altxatzeko gonbidapena egitea da asmoa, haurren ondoan egon eta haiei merezi duten arreta eskaintzeko. Ekimenak gogoeta eragin nahi du, eta herritarrak gonbidatu norberaren etxean, familian edo taldean ongizate digitala sustatzeko.