Imanol Lopez: "Zikloa sentipen onekin bukatu nahi nuen, eta hori lortu dut aurten"

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 22a

Imanol Lopez, pasa den astean Ibarrangelun egin zuten Winter Series txapelketako aurkezpenean. (Eraman!)

23 urteko ibilbide profesionalari amaiera emango dio Imanol Lopez (Zumaia, 1984) puntistak. Santelmoen bueltan jaioterrian jokatuko duten txapelketan kantxaratuko da azkenekoz pilotari gisa.

Iaz, Jai Alai liga irabazi eta gero, aipatu zenuen zesta-punta uztea ez zegoela zure asmo hurbilen artean. Urtebete geroago, erretiroa hartuko duzula iragarri duzu. Zer aldatu da urtebete horretan?

Gehien aldatu dena dinamika izan da, erdipurdi ibiltzetik oso ondo aritzera pasatu naizelako. Kirolari bezala, gustatu izan zait gauzak momentu onetan uztea. Behintzat, bakean joatea nahi nuen, 23 urte hauetan egindako lan guztiaren ondoren; ez zalantzekin joatea, baizik eta momentu polit batean, emaitzak onak diren une batean.  

Gaizki esanda badago ere, ez zenuke nahi kantxan arrastaka ibili.

Uste dut gaizki erabiltzen dugun esamolde bat dela arrastaka ibiltzearena. Kirolari baten bizitzan gauzak aldatzen joaten dira, eta egia esan, 40 urterekin, normala da fisikoki muga batzuk izatea, eta behin muga horiek dituzunean, nahiz eta teknikoki esperientzia gehiago izan, kantxan gauzak zailagoak izatea. Batik bat, gazteak indartsu datozelako gertatzen da hori. Arrastaka ibiltzearen kontua baino, uztearen atzean erabaki pertsonal bat dago: [kirolari profesionalaren] zikloa sentipen onekin bukatu nahi dut, eta hori lortu dut aurten. Niretzako 2025a urte oso polita izan da, eta ez da bakarrik emaitzengatik. Joko aldetik, modu interesgarri batean aritu naiz, oso serio, disfrutatzen. 2025eko dinamika oso positiboa izan da.  

Gorenean utziko duzu zesta-punta, gainera, bigarren urtez jarraian Jai Alai liga irabazita.  

Niretzako, beti, erregularra izatea izan da saririk handiena. Iaz, liga irabazi genuen, Winter Series txapelketa hasi genuen, eta han ez nintzen ondo aritu. Hala ere, kirolari bezala, horrek ez du esan nahi porrota izan zenik. Urte osoan zehar nola aritzen zaren, hori izan daiteke porrota. Winter Serieseko paper txarrak eraman ninduen lana gogor egitera, jakinda beste urte bat nuela aurretik. Entrenamenduekin, prestaketarekin, elikadurarekin eta beste dinamika batzuekin erritmoa errekuperatu nahi izan nuen, lehengora itzultzeko. Helburua berriro liga irabaztea zen, urte guztia borobiltzeko.  

Orduan, Nazioen Liga txapelketara joan nintzen, eta nire lekua lortzeko borroka egin behar izan nuen. Hori 23 urte hauetan ez zait gertatu; joan izan naizenean beti postua irabazita izan dut. Oraingoan, entrenamenduetara joan behar izan dut, eta hortzak estututa borrokatu behar izan dut postua lortzeko. Udan ere puntu aldetik justu nenbilen, eta Donibane Lohizuneko [Lapurdi] edo Miarritzeko [Lapurdi] txapelketetan gogor aritu behar izan nuen, puntuak batu eta lehen lau atzelarien artean sartzeko. Lanari eta esfortzuari esker, epe laburreko helburu txikiekin, helburu handia bete dut. Prozesu horretaz asko disfrutatu dut.  

Noiz hasi zinen pentsatzen zesta-punta uzteko garaia zela?

Dinamika txarra hasi zenean hasi nintzen buruari bueltaka. Zerbaitengatik zetorren dinamika txar hura, eta behin ideia buruan sartu zitzaidanean, ez zen erraza izan erabakitzea noiz utziko nuen. Winter Serieseko garai hartan bai, beherakada izan nuen, eta pentsatu nuen utzi egingo nuela, baina gero lanari ekin nion, eta uzteko une horren zain geratu nintzen. Epe batzuk jarri nituen, bete dira, eta erabakia hartuta dago jada.  

Pasa den asteartean iragarri zenuen zesta-punta utziko zenuela, Winter Serieseko aurkezpenean. Gertukoei zure asmoen berri eman al zenien aurretik?

Aurretik ez nion inori abisatu. Enpresari esan nion, garrantzitsua zen-eta harekin plan bat egitea. Azken finean, erretiroarena oso gai pertsonala izan da, eta aukera izan dut plangintza bat egiteko. Behin erabakiaren berri eman eta gero, Winter Serieseko aurkezpena etorri zen, eta gaia eremu pertsonalera eraman gabe, aurkezpenean bertan iragartzea erabaki genuen. Fokua nire gainean egotea ez dut oso ondo kudeatzen, eta ez nuen nahi txapelketari edo kirolari protagonismoa kentzea.  

Iragarpena egin duzue, baina utzi, Zumaian utziko duzu, santelmoen barruan antolatuko den txapelketan.

Nire bizitzan edo kirol jardueran leku garrantzitsu batzuk egon dira. Bat Gernika-Lumo [Bizkaia] da, han egin nuelako debuta eta beti harreman polita izan dudalako harekin; hor dago, baita ere, Miami (Florida, AEB), non 11 urte egin nituen jokatzen; Mexiko ere garrantzitsua izan da, kirolari bezala aritu bainintzen han, eta lan munduan formatzeaz gain, pertsonalki ere asko aurreratu nuen; eta horiez gain, Zumaia dago, nire jaioterria. Uste nuen leku horietan eman behar nuela agurra. Winter Seriesean arituko naiz Gernikan; Miamin ere txapelketa bat jokatuko dut, iaz jokatutakoaren antzerakoa; Mexikon, azkenean, ezin izan dugu profesionaletako txapelketa bat antolatu, baina hango lagunekin zerbait polita egingo dugu frontoian; eta bukatzeko, herrian bertan izango naiz. Zumaian hasi nintzen zesta-puntan, Odietan, eta beti izan naiz munduan zehar ibili den zumaiar bat.  

Falta diren sei hilabete horietan burua lehiarako prest izatea erraza egingo al zaizu?

Galdera hori hemendik sei hilabetera erantzungo dut; izan ere, nik ere ez dakit. Pentsatzen dut buru aldetik prestatuta nagoela lehiatzeko, eta ea presioak edo sentimenduek ez didaten eragiten. Nik disfrutatu egin nahi dut kantxan; hori da helburua.  

23 urte egin dituzu profesionaletan. Atzera begiratuta, bertigo pixka bat emango du, ezta?

Bertigoa ematen duena da ikustea 23 urte igaro direla [kar, kar, kar]! Kirol honetan oso gazte hasi nintzen, 8 urterekin, eta orain 41 urte ditut; 42 urterekin erretiratuko naiz. Askotan neure buruari galdetzen diot nola pasatu diren urte horiek guztiak hain azkar. Zenbat bizipen izan ditudan urte horietan... Etapa baten amaiera izango da.

Zestarekin jarraituko al duzu kantxatik kanpo?

Ez dut planteatu ere egin. Beti nago proposamenak entzuteko prest, baina garbi daukat saskia ez dudala denbora batean ukituko! Ez nazkatuta bukatu dudalako, baina ziklo bat itxiko dut, eta kito! Agian beste kirol batzuk praktikatuko ditut: padela, golfa... Gustuko ditudan beste gauza batzuk egingo ditut hutsunea betetzeko. Nahiko nuke kirolaren promotorea izatea, azken 23 urteetan izan naizen bezala. Frontoiak hutsak egotetik beteta egoterako prozesuan nire aletxoa jarri dut, eta horretarako beti egongo naiz prest. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide