Ospakizuna izan zuten atzo Branka eraikinean kokatutako Eguneko zentroan. Adinekoei zuzendutako zerbitzua zabaldu zutela 21 urte bete dira aurten, eta urteurrena ospatzeko ekintza desberdinak egin zituzten egunean zehar.
Goizean, Musika eta Dantza Eskolako kideek gidatutako musika tailerra izan zuten lehenbizi, eta sabela goxatzeko mokadua eman zieten bertaratu zirenei jarraian. Arratsaldean, berriz, bingoa izan zuten, baita merienda ere. Eguneko zentroko erabiltzaileek haien senide eta lagunak izan zituzten ondoan ekintzak egin zituzten bitartean.
Astelehenetik igandera
Mendekotasuna duten adineko pertsonen behar fisiko, psikologiko nahiz sozialak zaintzeko zerbitzua da Eguneko zentroa, baita haien familiei deskantsua emateko eguneko zerbitzu bat ere. Zentroa astelehenetik igandera egoten da irekita, 09:00etatik 17:30era bitartean, eta gimnasian edota memoria tailerretan aritzeaz gain, irteerak ere egiten dituzte.
Dinamika horretan parte hartu nahiko dutenak Gizarte Zerbitzuekin jar daitezke harremanetan, 943-86 22 00 telefono zenbakira deituta.