Kiskalita geratu da Santiago auzoan su hartutako baserria

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 23a

Su hartu zuen atzo arratsaldean Zuloaga familiak Santiago auzoan duen Santa Luzia baserriak. Eraikinaren harrizko hormek zutik jarraitzen dute, baina sabaia guztiz erre da. 1920ko hamarkadaren hasieran egin zuten aipatutako baserria, errepidearen alboan.

Sutea izan zen atzo arratsaldean Santiago auzoko Santa Luzia baserrian, eta eguna esnatzearekin batera, agerian geratu da suak eraikinean eragindako kalteak zer-nolakoak izan diren. Harrizko hormek zutik jarraitzen badute ere, egurrezko sabaia guztiz erre zen; apenas geratzen den haren arrastorik.

Zuloaga familiaren eraikinak 19:00 aldera hartu zuen sua, eta suhiltzaileak gauera arte aritu ziren sua itzaltzen. Larrialdi zerbitzuek gertaeraren berri izan zutenean, baserria jendez hutsik zegoen, eta ondorioz, ez zen inor zauritu. Txakur batzuk baziren eraikinaren barruan, baina horiek ere bizirik atera zituzten.

104 urteko historia

Berez, Santa Luzia etxea izena du su hartutako baserriak, nahiz eta Santiago baserria bezala ere ezagutzen zen herrian. "Horrela deitzen zioten Santiagon eta Donejakueko kaperaren alboan zegoelako, baina bere izena Santa Luzia da", azaldu du Ismael Manterola Artearen Historian doktoreak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Ignacio Zuloaga artistaren alaba zaharrenaren izena zen Lucia, eta haren ohorez jarri zioten izena baserriari. Izan ere, Eibarko (Gipuzkoa) margolariak eskatuta egindako eraikina da. 

1920ko hamarkadaren hasieran egin zuten aipatu baserria, errepidearen alboan. Handik urte gutxira zabaldu zuten Santiago etxea, Ignacio Zuloaga margolariaren etxea eta museoa. Aurretik, beste baserri bat aurkitzen zen eremu hartan. "Donejakueko ermita izan zena, aspalditik baserria zen. Ostatu bezala ere erabiltzen zuten, baina bazituen maizter bezala baserritar batzuk ere", dio Manterolak. Margolariak kapera eta museoa egin nahi zituen inguru hartan, baina, horretarako, han bizi ziren baserritarrak atera behar zituen eremutik. Manterolak dio Zuloagari kostatu zitzaiola baserri zaharraren jabe egitea. Helburua lortzeko, baserri berri bat egin zuen errepidearen bestaldean, baserritarrak hara lekualdatzeko: asteazkenean erre zen Santa Luzia. Santiago etxea bezala, Santa Luzia etxea ere Pedro Gimon artistak diseinatu zuen. "Inguruko eraikin guztiak antzerakoak izatea zen Zuloagaren asmoa".

Zuloagak Santiago etxea eskuratu, eta baserritarrak 2005era arte egon ziren Santa Luzia etxean bizitzen, herri osoan zehar egin zen Divergentes izeneko arte proiektua heldu zen arte. Zuloaga familiak ere parte hartu zuen proiektu hartan, eta etxe hartan bertan muntatu zuten erakusketa bat. Ordura arte etxean bizi ziren lagunek utzi egin behar izan zuten eraikina. Askorentzako, Santa Luzia barrutik ikusteko aukera zabaldu zen. 

Etxea okupatuta

Behin Divergentes proiektua amaituta, etxea hutsik geratu zen, duela hamar bat urte okupatu zuten arte. Etxearen jabe Zuloaga familiak ez zuen harentzako erabilera zehatzik, eta pertsona horiei han bizitzen utzi die urte hauetan guztietan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide