Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidarako autobusa jarri dute Zumaiatik

Maddi Txintxurreta 2025eko urriaren 23a

San Mames futbol zelaia.

Zumaian Metro eta Nikol tabernetan eskuratu ahal izango da Bultzada Txuri Urdin taldeak prestatu duen packa.

Azaroaren 15ean Euskal Selekzioak eta Palestinak Bilboko San Mames zelaian jokatuko duten futbol partidara joateko autobusak antolatu dituzte eskualdeko herri batzuetatik, horien artean, Zumaiatik. 20:30ean hasiko da neurketa solidarioa.

Bultzada Txuri Urdinak partidarako sarrera, autobuserako txartela eta kamiseta batera jarri ditu salgai, 60 euroren truke, Gipuzkoako hainbat herritan, horien artean, Zumaian. Metro nahiz Nikol tabernetan erosi ahal izango da Euskal Selekzioa-Palestina partidarako pack-a. Realeko zale talde horrek oraindik ez ditu zehaztu autobusen ordutegiak.

Lagunarteko partida ikusteko sarrerak gaur, osteguna, jarri dituzte salgai Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean. Sarrera merkeenak 20,50 eurotan salduko dituzte, eta garestienak 31,50 eurotan. Irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira. Egun berean, Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek mobilizazioa deitu dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide