"Banituen abesti batzuk idatzita, eta pandemiarekin gehiago idazten hasi nintzen", dio. Abesti ugari bildu zituenean, maketazio arloan aritzen zen Madrilgo ezagun batekin harremanetan jarri zen: "Esan nion niretzako eta familiari emateko bospasei liburu atera nahiko nituzkeela. Testuak bidali nizkionean, hark esan zidan tirada handiagoa ateratzeko". Amazonen bidez atera du Martinezek liburua, eta haren denda digitalean eros daiteke.
Gaztetatik izan du Martinezek harremana musikarekin. 1980ko hamarkadaren hasieran, Zumaiako eta Zestoako lau lagunek osatutako Sidekar taldean aritu zen gitarra jotzen. "Garai hartako talde askorekin jo genuen: Hertzainak, Jotakie, OK Korral... Baita festa askotan ere", du gogoan. Abentura hura amaituta, Debako (Gipuzkoa) Desakato taldean jo zuen, urte gutxira A Santo de Que bihurtuko zena [orain A Santo]. "Kontzertu asko ematen genituen, baina ez genuen sosik ateratzen. Lana aurkitu nuen Donostian, eta taldea utzi nuen". Denbora horretan, Donostiako auzoko festetan edo tabernetan jo zuen, baita afarietan eta antzekoetan ere, "lagunartean". Orain gutxi, ordea, Desakatoko sortzaile Jesus Perezek sortutako Perez-Rock taldera batu da.
Liburuan jasotako abestietatik hamabost inguruk dagoeneko musika badutela dio Martinezek, eta horietatik bizpahiru grabatu dituela Perez-Rock taldearekin. "A Santok ere jotzen ditu beste pare bat". Ilusioa egiten dio bere hitzak beste musikariek erabiltzeak. "Ez agian abesti osoak, baina bai estrofa batzuk edo ideia batzuk", onartu du.
Bere abestiek poesia ukitua dutela dio: "Beti gustatu izan zait Joaquin Sabina, eta haren hitzak asko irakurri ditut". Konposizioetan errimak sartzea gogoko du Martinezek. "Jende gazteari ez zaizkio errimak gustatzen. Nire alabak [Maria Martinez abeslaria], esaterako, istorioak kontatzen ditu. Niri gustatzen zait esaldiek errimatzea".
Liburua atera duenetik beste 50 bat abestiren hitzak idatzi ditu zumaiarrak. "Jesus Perezen urtebetetzea dela eta, abesti horiekin edizio txiki bat egingo dut opari gisa. Jendearentzat erabilgarri izan dadin, baina, 100 edo 120 abesti ditudanean aterako dut beste liburu bat".