Su hartu du Ardantzabideko belardi batek

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 25a

Sutea Ardantzabide auzoko belardian. (utzitakoa)

Belar txarrak erretzen ari ziren auzoko baserri batean, eta sua deskontrolatu egin zaie. Suhiltzaileek kontrolpean dute egoera, eta ez du kalterik eragin.

Ardantzabide auzoko belardi batean sutea piztu da gaur goizean, 10:00 aldera. Ertzaintzak jakitera eman duenez, auzoko baserri batean belar txarrak erretzen ari ziren, baina ongi bidean zeramaten zeregina deskontrolatu egin zaie eta horrek eragin du sutea.

Suhiltzaileek kontrolpean dute une honetan egoera, baina oraindik bertan ari dira lanean. Gertakariak ez du kalte fisikorik ez materialik eragin.

Gaurkoa azken bi astetan Zumaian piztu den hirugarren sutea da. Lehenengoa urriaren 10ean izan zen, Amaia plazako etxebizitza baten teilatuan, eta bigarrena, asteazken honetan bertan, Zuloaga museoaren parean dagoen Santiago baserrian.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide