Herenegun, iluntze partean, argia joan zen herri osoan. Segundo gutxiko itzalaldia izan zen, baina eragina izan zuen Aita Mari zinema aretoko proiektorean.
Maspalomas filma ematen ari zirela izan zen ilunaldia, eta hasiera batean filmaren emanaldia eten bazen ere, azkenean gai izan ziren zapatuko saioa bukatzeko.
Aretoko proiektorea, ordea, kaltetuta suertatu zen, eta atzoko emanaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Ordurako, sarrera kopuru handia zegoen salduta sarrerakzumaia.eus webgunearen bidez.
Goizean izan dira teknikariak proiektorea konpontzen, baita lortu ere. Hala, gaur 19:30eko emanaldia mantenduko dutela iragarri du Udaleko Kultura Sailak. Ez hori bakarrik: Maspalomas filmak sortu duen interesarengatik, datorren asteburuan ere ikusgai izango da Aita Mari aretoan.