Udazkeneko kanpaina jarri dute abian udalak eta Gertuk, ErrotaHerria ekimenaren barruan

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 28a

Udaleko eta Gertuko kideak, kanpainaren aurkezpenean. (Zumaiako Udala)

1.000 erosketa txartel jaulkiko dituzte Zumaiako Udalak eta herriko merkatarien elkarteak. 30 euro ordainduta, 40 euroko balioa izango dute txartelek, eta azaroaren 6tik izango dira erabilgarri. 

Udazkeneko kanpaina abiatu dute Zumaiako Udalak eta Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak, Errotaherria ekimenaren barruan. Guztira, 1.000 erosketa txartel jaulkiko dituzte. Txartelek badute berezitasun bat, eta da 30 euro orainduta, 40 euroko erosketa egin ahal izango dutela haien erosleek. Azaroaren 6tik aurrera izango dira txartelak salgai Turismo Bulegoan, eta datorren urteko urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira. Kanpainaren sustatzaileek aurreikusi dutenez, 40.000 euroko inpaktu zuzena izango du herriko komertzioetan.

Herritar bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, eta gehienera jota bi bono eskuratu ahal izango ditu. Erosketa bakarrean egin beharko da hori, eta ezinbestekoa izango da, norberarenaz gain, beste pertsonaren txartel identifikagarri baten kopia edo argazkia erakustea.

Kanpainara atxikitzeko aukera

Gertu elkarteko kideak izan ez, eta kanpaina honetara atxikitu nahiko duten zerbitzu enpresa txikiek, ostalaritzako establezimenduek, edo komertzioek, horretarako aukera izango dute. Eskaera orria bete beharko dute eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali, azaroaren 2ko eguerdiko 12:00ak baino lehen. Turismo Bulegora ere eraman ahal izango dute eskaera orria. Gertuko kideak direnek ez dute aurrez izena eman beharrik izango. 

Saltoki bakoitzak, gehienez, 5.000 euro arteko balioa bete arte onartu ahal izango ditu bonoak. Behin kopuru horretara helduta, saltokiek ez dute txartel gehiago onartuko, eta bezeroek ere ezingo dituzte erabili saltoki horietan erosketak egiteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide