Mundu mailako antzokietan erakutsi eta gero, Lucia Lacarra dantzari zumaiarraren konpainiak bere jaioterran erakutsiko du Fordlandia dantza ikuskizuna. Azaroaren 29an izango da emanaldia, 20:00etan hasita, Zumaiena Ikastolako aretoan. Emanaldi berezi horren berri eman dute Lucia Lacarra eta Matthew Golding dantzariek, Zumaiena Ikastolako zuzendari Isaak Aranberrik, eta Zumaiako Udaleko zinegotzi Marina Bidasorok eta Aitor Manterolak. Zumaiena bera da emanaldiko antolatzailea, Zumaiako Udalarekin eta Astindu dantza taldearekin lankidetzan.
Aranberriren arabera, aro berri bat ari dira bizitzen Zumaienan, eta hezkuntzaz haratago, kulturgintza ere landu nahi dutela azpimarratu du. Bere esanetan, horrela sortu zen Lucia Lacarraren ikuskizuna Zumaiara ekartzeko aukera. Dantzari bera ere esperientzia berriak proposaten ari dela ere nabarmendu du Aranberrik, eta, sortu duen dantza konpainiaren bitartez, "ikuskizun propioak" sustatzen ari dela gogoratu du.
Fordlandia ikuskizuna Zumaian bertan aurkezteko aukera izatea "plazerra" dela onartu du Lacarrak. Gogoratu du Zumaienako aretoa (orduan, Maria eta Jose ikastetxea) bere "lehen aretoa" izan zela. "Gabonetako emanaldietan aritzen ginen. Hura izan zen nire lehen aretoan, nire lehen areto handia".
Zumaian aurrez dantzatu izan du, "baina zati txikiak" eginez, "inoiz ez ikuskizun handirik, konpainia handiak behar direlako". Pandemia garaian sortu zuten Fordlandia "gure artean" muntatuko dutela azaldu du.
Azaroaren 29an ikusi eta bizi ahal izango den ikuskizunean, pantailan, Zumaia bertako irudiak agertzen dira, Itzurunen grabatutakoak, eta hori izan da aurkezpena gaur hondartzan bertan egiteko arrazoia. Ikuskizun horretan bakarrik ez, Lost letters izenekoan ere sartu ditu zumaiarrak bere jaioterriko irudiak, eta hura dantzatzera joango dira bihartik Lacarra eta Golding Kazakhstanera. "Zumaia ere Kazakhstanen izango da", azaldu du dantzariak.
Hilabete inguruan izango dira bi dantzariak herritik kanpo, eta azaroaren 22an itzuliko dira, emanaldira begira azken entseguak egiteko.
Marina Bidasoro kultur zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie Zumaienari eta Lucia Lacarrarik, herritarrei ikuskizun hori herrian bertan ikusteko aukera eman dietelako. Udala, "lankidetzaren bidez egiten diren ekimenak bultzatzearen alde" beti egongo dela ere gaineratu du zinegotziak.
Sarrerak datorren astetik aurrera salgai
Emanaldirako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai. Hasiera batean, era fisikoan salduko dituzte, eta izandako erantzunaren arabera erabakiko dute plataforma digitaletan salgai jarri edo ez.
Hala, azaroaren 3tik aurrera Zumaienako idazkaritzan izango dira salgai, 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:30era (azaroaren 3an 10:00etatik aurrera). Asteartetik aurrera, Turismo Bulegoan izango dira eskuragarri. Sarreren prezioa 17 euro izango da.