Pello Rubio zumaiarrak Elgoibarren duen Txillarre baserrian hasi ziren biltzen 1990eko hamarkada amaieran PSE-EEko eta Batasunako politikariak. Han gertatu zirenak bildu dituzte Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martinek Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan liburuan. Argitalpena atzo aurkeztu zuten Aita Mari aretoan, Baleike kultur elkarteak antolatutako ekitaldian, eta bertan izan ziren liburuaren egileak, zein Pello Rubio bera. Ekitaldiak herritarren interesa piztu zuen, eta ehundik gora lagun bertaratu ziren haien hitzak entzutera.
Duela hamarkada batzuetatik hona Elgoibarren bizi bada ere, bere zumaiartasuna aldarrikatu zuen Rubiok, eta liburua bere jaioterrian aurkezteko gogoa zuela ere esan zien bertaratu zirenei. Elgoibarrera joatearen atzean, hemen, Zumaian, lana aurkitzeko izan zituen zailtasunak egon zirela ere esan zuen. Manuel Mari Garate zena ere gogoan izan zuen Rubiok. Hark egindakoa da Txillarre baserriko kanpoaldean dagoen harri landua. Bere momentuan Garateri berari eskerrak zuzenean eman zizkiola esan zuen, baina herritarren aurrean eskertza errepikatu nahi izan zuela.
Edurne San Martinek, bere aldetik, goraipatu zuen Pello Rubiok komunikatzeko duen erraztasuna. "Kasualitatez ezagutu ginen, eta hizketan hasi ginenean, esan nion ezin zuela hori guztia barruan gorde. Ez zidan ezezkorik eman", esan zuen.