Torreagan egitekoak diren babes ofizialeko etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen emate epea azaroaren hasieran zabalduko zela iragarri zuen duela aste batzuk Zumaiako Udalak. Baina, zozketaren oinarrietan aurkitutako akats batek behartuta, epe hori atzeratu egin beharko dutela iragarri du orain udalak.
Akats hori zuzentzeko proposamenak berriro ere udalbatzatik pasa beharko du. Bilkura gaur bertan egingo dute, udaletxeko pleno aretoan, eta bertan emango diote behin betiko onarpena zuzentze proposamenari. Akatsa oinarrietako 9. artikuluan dago, zozketaren sistemari buruzkoan, eta artikulu hori aldatzea erabakiko du gaur osoko bilkurak.
Behin proposamena onartuta, 30 egunetan egongo da jendaurrean, helegiteak aurkeztu ahal izateko, eta haren ondoren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute. Haren ostean zabalduko dute zozketarako izen emate epea.