Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas filma emango dute asteburu honetan ere Aita Mari zinema aretoan. Saioak gaurtik astelehenera bitartean izango dira, 19:30ean, eta sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean.
Filma pasa den astean eman zuten Zumaiako zinema aretoan, baina larunbateko saioan zehar izandako argi mozketak matxuratu egin zuen proiektorea. Horregatik, igandeko saioa bertan behera utzi zuten. Astelehenean eman zuten filma, baina jende asko geratu zen kalean ikusi ezinik. Horregatik, asteburu honetan berriro ematea erabaki du Udaleko Kultura Sailak.
Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga dira Maspalomas filmeko protagonistak. Azken Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail ofizialean, eta egindako lanarengatik aktore onenaren saria jaso zuen Soroizek.
Igande arratsaldean haurrentzako saioa ere izango da, Tom y Jerry. Aventura en el tempo animazioko filmarekin. Saioa 17:00etan hasiko da, eta sarrerak aurrez egongo dira salgai, hemen.