Dantzan eta kantuan ospatu dute Zumaian urteko gaurik beltzena

Maria Maya Manterola 2025eko urriaren 31

Arrakastatsua izan da Gau beltzeko lehen edizioa: jendetza elkartu dute antolatzaileek urteko gaurik beltzena bertako usadioetan eta kulturan oinarrituta ospatzeko. Kalejiran abiatu dira Arritokieta kaletik eguna iluntzen ari zuela, eta Alde Zaharrean zehar egin dute ibilbidea, dantzan, kantuan eta bertsotan.

Lehenbizikoz Gau beltza antolatu dute urriko azken egunerako Zumaiako ikastetxeetako guraso elkarteek elkarlanean, eta makina bat haur eta gaztetxo gerturatu dira ekitaldira. Eguna iluntzen hasterako elkartu dira Arritokieta kalean, eta Alde Zaharrean zehar egin dute ibilbidea, aurpegiak margotuta eta etxeko trapu zaharrak soinean. 

Herriko hainbat kultur eragileren eta pertsonen laguntza izan dute kalejiran. Besteak beste, bertsolariak, dantzariak eta adar jotzaileak izan dira urteko gaurik beltzena girotzen, eta musikaz gozatu nahiz elkarrekin dantzatzeko parada izan dute bertaratutakoek. Helburua, bakarra: bertako kultura eta usadioa oinarri hartuta ospatzea Gau beltza. Amaia plazan dantzan amaitu dute kalejira, eta gaztaina erreak ere izan dituzte han.

Kalejira abiatu aurretik, udaletxearen kanpoaldean elkartu dira parte hartzaileak, eta aurpegiak margotzeko aukera izan dute bertan, bi eskoletako DBHko eta Batxilergoko kideen eskutik. Mari kalea ere atondu dute gero, kalejira heltzerako behar bezala girotuta egon zedin Alde Zaharra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide