Zazpi urtez Irrimarra izenpean aritu zen Irene Irureta artista zumaiarra. Karmele Gorroñorekin batera garatutako proiektua 2023an utzi zuen alde batera, Kanadara bizitzera joan zenean, eta han abiatu zuen bakarkako ibilbide artistikoa. Flyscha gaitzat hartuta, euskaraz egindako lehen pop-up liburua ondu du azken hilabeteotan. Proiektuak, gainera, Zumaiako Udalaren sormen beka jaso du aurten.
Pop-up motako liburu bat egitea otu zitzaizun.
Gure amak betidanik izan ditu modu horretako liburuak etxean, eta bere liburu haiek orain nik ditut [kar kar kar]. Halako liburu bat egiteko gogoa nuen. Begira egon nintzen eta ikusi nuen Euskal Herrian modu horretakoak ziren liburu bakarrak euskaratutakoak zirela. Gutxi batzuk bazeuden, baina beste hizkuntza batzuetan idatzitakoak eta gero euskarara itzuliak ziren. Euskaraz egindakorik ez zegoen, eta ideia ona iruditu zitzaidan halako bat sortzea.
Geoparkearen laguntzarik gabe, gauzagarria izango al zen proiektua?
Euskal Herrian eta Espainian halakorik egingo duen inprimategirik ez dago. Eskuzko lan handia eskatzen du, eta oso garesti ateratzen da. Asko ere ez dira egiten, eta nik uste horregatik ixten joan direla horrelako liburuak inprimatzen zituzten guneak. Lehen agian egongo ziren, baina nik behintzat ez dut aurkitu. Begira nenbilela, ikusi nuen Txinan egiten zituztela, eta haietako batekin harremanetan jarri nintzen. Aurrekontua eskatu nien ikusteko ea bideragarria izan zitekeen halako liburu bat ateratzea. Bidali zidatenean ikusi nuen liburu bakoitza merke ateratzen zela, baina tirada jakin bat egin behar zela. Hemen, normalean, 800 eta 1.500 ale arteko tiradak ateratzen dira; han 3.000koa atera behar zen. Asko garestitzen zuen horrek, eta pentsatu nuen argitaletxe batek ez zidala aterako.
Zergatik flyscha?
Euskal Herriarekin lotura zuen zerbait egiteko gogoa nuen, gertu dugun zerbaiten ingurukoa. Begira aritu nintzen, eta ohartu nintzen [Euskal Kostaldeko] Geoparkeak ez zuela umeei zuzendutako libururik. Helduei zuzendutakoak bai, dezente, baina flyscharen inguruan haurrei zuzendutako albumik-edo ez zegoen. Hor ikusi nuen aukera, gainera gure inguruko gaia da. Asier Hilariorekin [Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, geologoa eta flyschean aditua] harremanetan jarri nintzen. Flyscharen inguruko zerbait egin behar banuen, haren babesa izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Beharrezkoa ikusten nuen, gainera, haiek jakinaren gainean egotea egiten ari nintzenaz. Asierri aurkeztu nion proiektua, eta pila bat gustatu zitzaion. Proiektuaren gastuak ordaintzen laguntzeko prest egongo ote liratekeen galdetzen nion neure buruari. Bilera bat izan nuen Asierrekin eta Leire Barriusorekin, eta prest azaldu ziren inprentaren kostuaren zati bat ordaintzeko laguntzeko. Denon Artean argitaletxearekin kontaktuan jarri nintzen gero, eta proiektuari baiezkoa eman zion. Nafarroako argitaletxea da, eta Unai editoreari pila bat gustatu zitzaion ideia. Liburu bereziak ateratzen ditu beti, eta pentsatu nuen beraien lan ildoarekin bat egin zezakeela.
Haurrei zuzenduriko liburu bat da, baina ez da ohiko ipuin ilustratu bat.
Ez da pasian doan dinosauro baten istorioa. Munduaren historia kontatzen duen pop-up album ilustratu bat da.
Flyscha zientzia eta geologiarekin lotzen dugu. Nola eraman gai horiek umeei zuzendutako liburu batera?
Orain arte atera diren eta zientziarekin lotuta duten album ilustratuak analizatu ditut, ideiak-eta nola islatzen dituzten ikusteko. Asierrek Geoparkeko gauza interesgarrienen gidoi bat sortu zuen, eta gero nik hori jarraituz sortu nuen testua. Argitaletxeak berak ere zuzenketak egin dizkio, egoki idatzita gera zedin.
Erraza izan al da hori pop-up liburu batera eramatea?
Hasiera batean ideia batzuk nituen buruan: dinosauro bat mendian egongo da, eta atzetik pasatuko zaio meteoritoa. Baina gauza bat da zuk irudikatzen duzuna, eta bestea errealitatea: agian mekanismoak ez du funtzionatzen, edo bi elementuk ez dute bat egiten. Marrazkiak moldatzen joan naiz mekanismoaren arabera. Pop-up liburuek badute beste zailtasun bat. Album ilustratuek normalean hamasei bat orrialde bikoitz izaten dituzte gehienez. Beste hauek gutxiago izaten dituzte, bost orrialdetik hamar orrialde ingurura. Egin dudanak zortzi orrialde izango ditu: lau orrialde ilustratu eta lau pop-up; txandakatzen joango dira.
Entrega datak betetzea ere garrantzitsua zen, Geoparkeak bere diru laguntzak justifikatu ahal zitzan. Bai ala bai, azarorako amaituta eta esku artean izan behar dugu. Horregatik, presio handiarekin aritu naiz lanean.
Eskuz egindako marrazkiak al dira?
Bai. Lan handiena mekanismoek eman didate, ez dudalako aurretik inoiz halakorik egin. Tailerren bat eginda nuen, baina liburu batean serio ez dut inoiz egin. Ez nekien, adibidez, inprimategira zein formatutan bidaltzen ziren piezak.
Zenbat denbora eman dizu hori egiteak?
Iazko urrian hasi nintzen informazioa biltzen, eta orrialde bateko olagarro baten eredua egin nuen, proiektuaren ideia erakutsi ahal izateko. Abenduan Geoparkekoekin eta argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen eta elkarlanean hasi ginen. Liburu normal bat azkarrago egingo nukeen, baina mekanismoarekin lanean hasten zarenean, batzuetan ez du funtzionatzen. Hasieran eredua txikian egin nuen, eta gustukoa nuen zerbait atera zitzaidanean, orduan prototipoa handiagoan egin nuen, orri zurian. Prozedura bera jarraitu dut kasu guztietan, eta behin prototipoa esku artean, elementu bakoitza eskaneatzen joan naiz, marrazten, muntatzen eta proba egiten. Horrek denbora pila bat eskatu du: [pop-upeko] marrazki bakoitzarekin agian hilabete oso bat ibili naiz.
Gaizki atera zaizkizun zenbat proba egon dira?
Dezente! [kar kar kar].
Liburua bukatuta duzu. Noiz izango duzu esku artean?
Orain inprimategiarekin harremanetan ari naiz. Haiek ere hainbat azokatan ibiltzen dira, eta zain nago. Pentsatzen dut egun hauetakoren batean probako liburua helduko zaidala, eta pixka bat urduri nago. Ikusten badut ondo dagoela, baiezkoa emango diot eta beste guztiak inprimatuko ditugu. Gero, honaino heldu behar dute. Hasieran pentsatzen genuen irailean aurkeztea, baina nik uste urrian aurkeztuko dugula. Ezarri nituen datak ondo jarraitu ditudan arren, beste hainbat faktorek ere eragina dute: batek berandu erantzun dizula, azokaren batera joan behar izan dutela lanarengatik, aldaketak egin behar direla… Egunak eta asteak galtzen joaten zara.
Udalak emandako sormen beka jasoko duzu proiektu honengatik.
Ezinbestekoak dira gure lana benetan baliosten duten mota horretako bekak. Izan ere, proiektu batek maitemintzen zaituenean, dena ematen duzu buruan duzun hori ikusi edo ukitu daitekeen zerbaitetan bilakatzeko. Zure ahalegin eta denbora guztia debalde eskaintzen duzunean, horrelako beka batek ez du soilik laguntza ekonomikoa eskaintzen, baizik eta aitortza bat ere bada: gure lanak balio duenaren eta merezi duenaren ideiak indartzen ditu.
Prozesu horrek iraun duen denboran lan eskaintzak alde batera utzi behar izan dituzu, beraz.
Bai. Liburua atera egin behar zen bai ala bai. Jendea konprometitu nuen, beraz atera beharra nuen. Beste lanen bat hartu izan banu, atzeratu egingo zen. Zerbaitetan konprometitzen banaiz, aurrera egiten dut. Ilusio handia nuen, lehenbiziko aldia delako testua, ilustrazioa, mekanismoa eta dena nik egin ditudana. Oso nirea sentitzen nuen, eta kobratu gabe aurrera egin nuen. Beka irabaztea kristorena izan da.
Behin liburua bukatuta, lanak heltzeko zain egongo zara.
Lan bat egiten baduzu, atzetik besteak etortzen dira pixkanaka. Orain arte besteen testuen gainean egin izan dut lan, Irrimarrarekin ere gertatzen zen. Testuak heltzen zitzaizkigun eta haiek ilustratzen genituen. Hau da lehen proiektua hasieratik bukaerara arte nirea dena. Nire-nirea. Eta behin egiten hasita, zerbait bitxia egin nahi nuen.
Bidea egiten ari zara. Nola sartu zinen ilustrazioaren munduan?
Arte Ederrak egin nituen, eta haren barruan ilustrazioaren inguruko ikasgaia izan genuen. Hark erakarri ninduen, gustatu zaitzaidan. Ilustrazioa Gasteizen ikasi nuen.
Txikitatik marrazten al zenuen?
Bai, txiki-txikitatik. Gurasoek ere animatu ninduten Arte Ederrak egitera. Ikasketak egiten ari nintzen bitartean, ikasgai batzuetan galdetu egiten genuen ea ariketak batera egin genitzazkeen. Jolas moduan, lan batzuk batera egiten genituen Karmelek [Gorroño] eta biok, eta hor hasi ginen elkarlanean. Gero, karrera amaitzean nik ilustrazioa ikasi nuen eta Karmelek irakasle aritzeko masterra atera zuen. Gogoekin geunden, animatu ginen eta jarraitu egin genuen elkarlanean.
Irrimarrak sona handia izan zuen.
Lortu genuen urtetik urtera izen bat egiten joatea, eta horregatik kostatu zitzaidan hainbeste bakarkako bidea hastea. Azken finean, Irrimarra nirea sentitzen dut. Lan asko genuenean bakoitzak bere aldetik egiten genuen, askotan etxetik. Elkarlanaren politena zen elkarrekin egotea eta elkarrekin margotzea.
Estilo propioa zenuten. Marrazki bat ikusi eta segituan igartzen zen zuena zela. Nolakoa zen zuen lan prozesua?
Hasieran eta bukaeran desberdina izan zen. Hasi ginenean, mahaian elkarren ondoan esertzen ginen, eta jolas moduan marrazten genuen. Behin estiloa lortzen genuenean, bagenekien zer egin behar genuen, eta hor lanak banatzen genituen. Baina, bai, biok marraztu eta biok margotzen genuen. Kanpoan bizi izan nintzen denboran ere marrazten nuen, baina ez zen gauza bera. Lotura handia ere suposatzen zuen. Kanpora joan izan naizenetan, estutasun hori sentitu izan dut, Karmele bakarrik uzten nuelako lan guztiarekin.
Bide berria ireki nahi izate horrek behartuko zaitu estilo propio bat lortzera.
Estilo bat sortzen da urteak aurrera doazen heinean eta erabakiak hartzen zoazenean. Orain horretan nabil, baina hainbeste urte dira modu batera marrazten... Pentsatzen dut nire buruari ere denbora bat eman beharko diodala. Horrek kezkatzen nau. Azkenean, ilustratzaile bati eskatzen zaio estilo oso markatua izatea. Baina, esandakoa, estilo hori sortzen da denborarekin. Horretarako, estilo propioa izateko, enkargu gehiago behar ditut.
Ari al zara lortzen?
Bai, ari dira heltzen. Azkena egin dudana da Galtzagorri elkartearentzako liburu ibiltari bildumarako kartel bat. Eta horrekin batera, beste liburu bat egiten ari naiz. Liburu bat, normalean, hilabete batean edo bitan egiten da, baina hau luzatu egin da berezia zelako.
Egileek edo argitaletxeek pauta bat ematen dizute edo askatasuna izaten duzu?
Askatasun handia izaten dugu. Batzuek zirriborroak bidaltzea eskatzen dute, baina beste batzuek hori ere ez; zuzenean amaitutako lana bidaltzearekin nahikoa izaten dute. Azkenean, zure lana ezagutzen dute eta badakite zer egingo duzun.
