50 urteko ibilbidea ospatzeko Pailazo izeneko ikuskizuna ondu dute Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek. Historia Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin hasi zuten, eta gerora hartu zituzten egungo izenak. Zumaian azaroaren 16an izango den ikuskizunarekin pailazoaren figura aldarrikatu nahi dute. Xelebrekeriez gain, taldearen abesti ezagun batzuk eta ez hain ezagunak abestuko dituzte, hala nola, Paristik Natorren, Txirri, Mirri eta Txiribiton edota Altza Pelipe.
Emanaldia eguerdiko 12:00etan izango da, azaroaren 16an, Aita Mari aretoan. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, goizeko 10:00etatik aurrera, 4,25 euroan. Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira, sarrerakzumaia.eus webgunean edo, egunean bertan, aretoko leihatilan.