Lau pilota partida jokatuko dituzte datorren asteburuan Aitzuri pilotalekuan. Horietatik bi Gipuzkoako txapelketari dagozkionak izango dira, eta azken biak haurren arteko eskuzko norgehiagokak.
Ostiralean, 19:30ean hasita, Gipuzkoako txapelketako partida jokatuko dute, pala motzeko modalitatean, nagusien bigarren mailan. Zumaiako eta Azpeitiko Ilunpe elkarteko bikoteak neurtuko dira Zumaiako frontoi luzean.
Larunbat eguerdian jokatuko dute Gipuzkoako txapelketako bigarren partida, honakoa zesta punta modalitatean. 13:00etan hasiko da lehia, eta nagusien lehen mailako Zumaia 1 eta Mutrikuko Danok Bat 1 izango dira aurrez aurre.
Larunbat arratsaldean, berriz, errendimenduko txapelketako bi partida izango dira, biak ere eskuz banakako modalitatean. Kimuetan, hirugarren mailan, Zumaiako Arizaga, Izurungo Gereñuren aurka arituko da, eta infantiletan, hirugarren mailan baita ere, Zumaiako Jaimes Arrasateko Rodriguezekin neurtuko da.