Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren beste 25 kasu artatu dituzte aurten Zumaian

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 5a

Aratz Zearreta, Karmele Gomez eta Maite EgaƱa, gaur goizean, Emakumeon Etxean. (Juan Luis Romatet)

Kanpaina bateratua abiatuko dute Zumaiako Udalak eta Emakumeon Etxeak, Azaroak 25, Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Kanpainaren helburua, indarkeria matxistak "forma asko" dituela ikustaraztea izango da, baita emakumeei gogoraraztea "neurrira egokitutako baliabideak eta laguntza profesionala" eskura dituztela herrian bertan.

Indarketa matxistak forma asko ditu izeneko kanpaina abiatuko dute Zumaiako Udalak eta Zumaiako Emakumeon Etxeak Indarkera matxistaren aurkako nazioarteko egunaren atarian. Egitasmo horren berri eman dute gaur Emakumeon Etxean bertan egin duten agerraldian. Maite Egaña, Zumaiako Udaleko Berdintasun, Partaidetza, Aniztasun eta Gazteria zinegotzia; Karmele Gomez udaleko teknikaria; eta Aratz Zearreta, Zumaiako Emakumeon Etxeko dinamizatzailea izan dira bertan. Kanpainaren barruan antolatuko dituzten ekintzak azaltzeaz gain, aurten Zumaian artatu dituzten indarkeria matxistako kasuen berri ere eman dute. 

Kanpainaren leloarekin bat eginda, Egañak nabarmendu du era desberdineko indarkeria matxistak daudela, fisikoa edo sexuala, baina baita psikologikoa edo, azken garaian areagotu den indarkeria ekonomikoa ere. "Erroa berdina bada ere, guztiz desberdina da egoera bakoitza", azaldu du Egañak. 

Zentzu horretan, aurten –urtarriletik urriaren amaierara arte– indarkeria matxistako 25 kasu berri artatu dituztela eman dute jakitera. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Emakumeon Etxeko eta Ertzaintzako datuak dira horiek. Adierazi dute hamalau kasutan seme-alabak tartean egon direla, eta haiek ere biktima zuzenak direla. Emakume baten kasuan, indarkeria bikarioaren adierazleak hauteman dituztela ere eman dute jakitera. Kasu horietan guztietan, indarkeria gertuko pertsonen eskutik etorri dela ere adierazi dute eta, biktimei dagokionez, haien bizitzako etapa guztietan gertatu direla, "0 urtetik 65era bitartean".

Kasu denetan indarkeria psikologikoa presente egon dela adierazi dute, baita bestelako indarkeria kasuak ere egon direla: hala, bost emakumek indarkeria fisikoa pairatu dute, lau emakumek ekonomikoa eta lauk sexu indarkeria. Horietako batek haurtzaroan ere indarkeria jasan zuela ere informatu dute. Indarkeria ekonomikoa da, Egañaren arabera, azken garaian areagotu den formetako bat, eta askotan banaketa edo seme-alaben kustodia prozesuekin lotuta doazela ere adierazi du. 

Hauteman dituzten 25 kasu horietatik zortzik salaketa formala jarri zutela ere esan dute. Agerraldian nabarmendu dute salaketarik jarri ez duten emakumeei ere "laguntza eta orientazioa" eskaintzen diela udalak. "Horrek erakusten du oraindik ere indarkeria matxistari aurre egiteko sistemak hobetzeko eta horietan duten konfiantza sendotzeko beharra dagoela", azpimarratu dute

Baliabideak Emakumeon Etxean

Aurreko urteetako kasuei ere jarraipena ematen dietela ere esan du zinegotziak –iaz beste 25 kasu artatu zituzten, adibidez–. "Lanketa ez da urte batetik bestera amaitzen", nabarmendu du Egañak, eta zentzu horretan txalotu egin du Emakumeon Etxeak eskaintzen dituen baliabideak. "Emakumeon Etxeak babesa eta baliabideak eskaintzen ditu; badaude beste baliabide batzuk, baina agian ez dute jarraipen osorik eskaintzen", azaldu du. 

Zinegotziaren esanetan, abiatutako kanpainaren helburua bada "emakumeei gogoraraztea euren neurrira egokitutako baliabideak eta laguntza profesionala eskura dituztela Zumaian bertan". Gaineratu du, emakume bakoitzaren "egoerak, denborak eta beharrak errespetatzea" funtsezkoa dela, eta Emakumeon Etxea erreferentziazko lekua dela. Goizeko prentsaurrekoan esandakoaren arabera, helburua ez da soilik "indarkeria matxistaren ondorioei aurre egitea", "emakume bakoitzaren bidea eta erritmoa errespetatuz laguntza eskaintzea", baizik. 

Aratz Zearretak gogoratu du Emakumeon Etxean eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak "doakoak, konfidentzialak eta irisgarriak" direla, eta bertako profesionalek "emakume bakoitzaren denborari eta beharrari" erantzuten diotela. Gogoratu du salaketa formala jarri ez duten emakumeek ere kasi dezaketela laguntza eta orientazioa.

Harremanetarako eta larrialdietarako telefonoak

  • Zumaiako Emakumeon Etxea: 633 43 27 62 (deia zein WhatsAppeko mezuak). Zerbitzuan bertan, aurrez hitzordua hartuta.
  • Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzua: 900 84 01 11. 24 ordu, 365 egun, doakoa eta anonimoa.
  • Larrialdiak: 112.

Egitarua

Azaroak 13, osteguna

  • 18:30. Cristina Fallarasen El relato de las mujeres: una revolución hitzaldia. Emakumeon Etxean.

Azaroak 18, asteartea

  • 10:25. Batxilergoko 1. mailako ikasleekin indarkeria digitalaren inguruko tailerra. Emakumeon Etxean.

Azaroak 19, asteazkena

  • 18:30. Aquí se hace lucha film laburra eta solasaldia, El Salvadorreko Tokiko Garapenerako kolektibo feministaren eta Euskal Fondoaren eskutik. Emakumeon Etxean.

Azaroak 20, osteguna.

  • 11:30. Alara konpainiaren Ez dakizu nola tratatu? bakarrizketa, ikastetxeetako ikasleentzako. Aita Marin.
  • 18:30. Después del patriarcado film laburra, Malen Etxea elkarteak antolatuta. Emakumeon Etxean.

Azaroak 25, asteartea

  • 10:30, 12:30 eta 17:00. Herri Eskolako DBH1eko ikasleen Harriaren mintzoa antzezlana. Aita Marin.
  • 19:00. Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa. Beheko plazatik. 

Azaroak 26, asteazkena

  • 18:30. Las poderosas antzezlana, indarkeria matxista pairatu duten Guatemalako emakumeek sortutako Las Poderosas antzerki konpainiaren eskutik. Emakumeon Etxean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide