Ilara sortu da ErrotaHerriko erosketa txartelak eskuratzeko

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 6a

Ilara Turismo Bulegoko kanpoaldean. (Utzitakoa)

Gaur jarri dituzte salgai ErrotaHerriaren udazkeneko kanpainako erosketa txartelak. Bono horien bidez, 30 euro ordainduta 40 euroko erosketa egin ahal izango da. Goizetik ilara luzea sortu da Turismo Bulegoaren kanpoaldean. 

ErrotaHerria egitasmoaren udazkeneko kanpaina abiatu dute Zumaiako Udalak eta Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak. Guztira, 1.000 eurosketa txartel jaulki dituzte aipatu kanpainan. Txartelak 30 euroan daude salgai, baina, gero, 40 euroko erosketa egin ahal izango da herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan. 

Gaurtik aurrera dago erosketa txartel horiek eskuratzeko aukera, Turismo Bulegoan. Azken urteotan bezala, ilara luzea sortu da bulegoaren kanpoaldean lehen orduetatik. Herritar bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, eta gehienera jota bi bono eskuratu ahal izango ditu. Erosketa bakarrean egin beharko da hori, eta ezinbestekoa izango da, norberarenaz gain, beste pertsonaren txartel identifikagarri baten kopia edo argazkia erakustea.

Txartelak urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira. Kanpainaren sustatzaileek aurreikusi dutenez, 40.000 euroko inpaktu zuzena izango du herriko komertzioetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide