Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur arratsaldean zabalduko du guztiz N-634 errepidea, Itziar eta Deba artean. 18:00etatik aurrera errepidea bi noranzkoetan zabalik izango dela iragarri du foru erakundeak.
Pasa den urtarrilaren 27an luizia izan zen Itziar eta Deba artean, eta gertaera horrek bederatzi hilabeteko "konplexutasun handiko" lanketa bat egitea ekarri duela azpimarratu du. "Hasiera batean, larrialdiko jarduketa bat egin zen gehien
kaltetutako eremua saneatzeko, material ezegonkorrak kenduta eta hormigoizko eustormak instalatuta", azaldu dute. Apirilean, berriz, errepidea guztiz itxi behar izan zuten, mendi hegalean detektatutako mugimendu batzuk direla eta. "Larrialdiko jarduketa bat aktibatu behar izan zen, guztira 1,8 milioi euro inguruko inbertsioa behar izan duena", gaineratu du.
Aldundiak nabarmendu du eremu "bereziki delikatua" dela, arretaz jarraituko dutela tartearen bilakaera, "epe ertain eta luzera prebentziozko jarraipena beharko baitu".