Alferraren astea

Sara Uribe-Etxeberria Atxurra 2025eko azaroaren 8a

(Yotube)

Sara Uribe-Etxeberria Atxurrak urriko Zumaia Guka egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Iratzargailuak, kafeina, autobusak, orratz bat ere sartzen ez den autobideak, batch cooking igandeak, ohi baino hotzagoak diren ipar haizeak... Errutinara buelta baten antologia litzateke hau, begizulozko bi begi eta ilusio malkar bat inoiz baino dekadenteagoa. Frenetikoa eta etenik gabea da sistema honek errutina deritzona. Badirudi deskantsatzea denbora galtzea dela eta produktibitatearen logika arriskutsuan ez erortzea ia ezinezkoa zaigula. Halere, bada oporrak gainbaloratuta daudela iritzi duenik, eta argi dago pribilegio erraldoi bat janzten dutela hitz horiek, baita luxuzko etxe bat Ibizan ere. Ostera, oporrak ezin ditugu idealizatu, askotan produktibitatearen gurpilaren jarraipen bat bihurtzen ditugulako, baita bete beharreko espektatiben jomuga ere; ahal den kontzertu gehienetara joanez, hondartza ahal bezainbeste aprobetxatuz, munduko leku interesagarrienak bisitatuz, une oro ahalik eta gehien disfrutatuz... Norgehiagokan, ea nork utzi karbono aztarna handiena. 

Iraila hasiera berrien unea ere bada batzuentzat, urtero legez, gimnasiora joaten hasiko zarela zin egiten diozu zure buruari, astebete baino lehen hasiko zarela azterketetarako ikasten, sakelako telefonoan igarotzen duzun denbora esponentzialki murriztuko duzula eta gauerdia baino lehen lotaratuko zarela. Badirudi inoiz izatea lortu ez duzun pertsona perfektua bihurtzea posible dela irailetan, urtarriletan.

Halere, benetan kuriosoa egiten zait perfekzioari eta bizimodu eredugarriari buruz daukagun ikuspegi hau aztertzea, zinez hutsala eta superfiziala egiten baitzait. Batzuetan badirudi soilik 06:00etan esnatzeak eta mendira joateak egingo zaituela zoriontsu, txokolatea ez jateak diziplinatu eta langile gogorra izateak eredugarri. Ez dut esaten laguntzen ez dutenik eta ziur nago askorentzat euren arazoak konpontzeko balio izan dutela uneren batean. 

Halere, esango nuke ezagutzen dugun ia guztia bezala runners-en, pilates girls-en eta matcha lovers-en hau ez dela moda bat baino, trend bat gehiago Tiktoken. Alabaina, zerbait hutsala eta garrantzi gabea dirudien arren askoren begi bistarako, eragin ikaragarria du mezu hori jasotzen duten pertsonetan, haien pentsamenduetan eta gorputzetan. Perfekzioaren ideiaren nahiko aurka egonagatik eta bere esanahia definitzen ez dakidan arren, argi daukat erakusten diguten horretatik guztitik oso urrun dagoela desesperatuki bilatzen dugun oreka hori, kontrolak beti dakarrelako deskontrola berekin. Sinetsarazi nahi digute gure zoriontasuna eros daitekeela, pauso hauek betez eta to do list-eko egin behar guztiak tik batez apainduz lortuko dugula zerbait, pertenentzia sentimenduaren apurren bat bada ere. 

Gauzei, pertsonei, uneei, ahalik eta probetxu errentagarriena ateratzea ez litzateke bizitzarekiko izan beharko genukeen helburu bital bakarra. Sistemak berak zurrupatzen gaituenetan eta produktibitate etengabe baten zurrunbiloak xurgatzen gaituenetan, errealitateaz jabetzea nahikoa da. Badirudi beldurra diogula geratzeari, gure inguruan gertatzen ari dena behatzeari, sentitzeari, onartzeari, uko egiteari. Baina hori da bizitza askotan, desgrazia bat, sinmas bat. Hortaz, lana tranpa bat den heinean, alferkeria aldarrikatzea beharrezkoa da, atseden bat erreala eta duina benetan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide