Komikiei ateak irekiko dizkie beste behin ere Uxue Alberdik gidatzen duen Irakurri mattek Zumaiako irakurle taldeak. Duela urte batzuk Art Spiegelmanen Maus izan zuten hizpide, eta oraingoan Alison Bechdelen Fun home komikiaz jardungo dute. Saioa 18:00etan hasiko da, Alondegiko Moila gelan, eta gaian interesa duen edonorentzako egongo da irekita.
Aita zenarekin izan zuen harremana kontatzen du Bechdelek Fun home komikian. Bruce Bechdel, pertsona urrun eta zorrotza, ingeles-irakaslea zen, bai eta herriko ehorztetxearen zuzendaria ere —Alisonek eta gainerako senideek “Poz-etxea” deitzen zioten ehorztetxeari—. Unibertsitatera iritsita, Alisonek, lesbiana zela esan ostean, aita ere gaya zela deskubritu zuen. Aste gutxiren buruan, aita hil egin zen, eta misterio bat utzi zion alabari oinordetzan, argitu zezan.