Finalerdietarako urrats sendoa eman dute Urreistik eta Lopezek

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 11

Lau jokalariak Gernikako frontoira bertaratutako zaletuak agurtzen. (Eraman)

Winter Series txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo Gernikan. Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak bi jokotan irabazi zieten Barandika eta Basqueri, txapelketako bigarren garaipena erdietsiz. 

Ezin hasiera hobeagoa eman diote Eñaut Urreistik eta Imanol Lopezek Gernikan jokatzen ari diren Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketari. Jokatutako bi partidak irabazi ditu aurrelari mutrikuarrak eta atzelari zumaiarrak osatutako bikoteak. Matematikoki oraindik ere finalerdiak jokatzeko sailkapena lortu ez badute ere, urrats sendoak eman dituzte txapelaren borrokan egoteko. 

Atzo arratsaldez jokatu zuten txapelketako hirugarren jardunaldia, eta gipuzkoarrak Barandika bizkaitarra eta Basque lapurtarraren aurka aritu ziren. Partidak lau fase desberdin izan zituela esan daiteke. Lehen jokoaren hasieran berdintasun handia izan zen lau jokalarien artean, baina 8-7ko atsedenaldiaren ondoren, Urreisti eta Lopez zuzenean 15. tantoraino joan ziren. Bigarren zatia bide beretik hasi zen, baina mutrikuarrak eta zumaiarrak sei tantoko aldea zutenean, Barandikak eta Basquek erreakzioa izan dute, eta hamalaunako berdinketa jarri dute markagailuan. Azken tantoa, baina, Urreistik eta Lopezek egin dute, eta era horretan lortu dute garaipena partidan. 

Bi partida jokatuta, Urreisti eta Lopez B multzoko liderrak dira, 8 punturekin. Multzoko beste parte hartzaileek ez dute oraindik punturik batu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide