Zubiberrian aritu ziren lehenbizi, eta orain Zubiaundira pasatu dira Iberdrolako beharginak. Azken hilabeteotan Torreagako hirigintza planarekin lotutako lanak ari dira egiten enpresa hartako langileak.
Orain aste batzuk, txandako trafikoa ezarri zuten Zubiaundian, kable berriak jarri ahal izateko. Pasa den astetik, aldiz, haren alboan dagoen oinezkoen zubian ari dira lan beretsuak egiten. Hori dela eta, zoladura ireki behar izan dutela eta, oinezkoentzako porlanezko pasabidea jarri dute zelaiaren gainetik. Behin lanak amaituta, jatorrizko pasabidea ezarriko dutela iragarri dute.
Azken hilabeteotan egiten ari diren lanen bitartez, Urola ibaiaren gainean dagoen tentsio handiko linea elektrikoa eta hari eusten dioten hiru dorreak kenduko dituzte, eta aipatu kableak lur azpitik joango dira, Torreagan eraikiko den transformazio zentro berria elikatzeko.