Pertsonalitate propioa duen zinemagilea da Paul Urkijo Alijo gazteiztarra. Dagoeneko hiru film luze egin ditu, eta hirurak era fantasiako munduan murgiltzen dira. Errementari (2017) eta Iratiren (2022) ondoren, Gaua da Urkijoren azken lana. Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza ditu aktore protagonistak.
“Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat” euskal mitologiako betiereko esaldia bere hirugarren film honetan Paul Urkijo Alijok eta fotografia, arte, jantzi eta efektuetako bere talde bikainek oinarri duten leitmotiv sendoetako bat da. Maitasunezko istorio batek zeharkatzen ditu eszenatokiak, non kondairak egia bihurtu, sorginak duindu, apaiz fedegabeak betiko galdu, perretxikoek pozoitu edo liberatu, emakumeek etxeko patxarana edan eta Deabrua Akerbeltz gorena den. Han, erabateko purutasun erotiko bihurtzen da musu beltza. Soinu-banda Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregirena da, baina lehen ere abestu zuen Patti Smithek: maite dutenena da gaua.
Sitgeseko jaialdian eta Donostiako Beldurrezko Astean aurkeztu ondoren, aste honetan bertan heldu da zine aretoetara. Zumaian astelehenera arte emango da, 19:30ean, Aita Mari aretoan. Sarrerak online eros daitezke, hemen.
Asteleheneko saioa, gainera, berezia izango da, filmaren zuzendaria Zumaian izango dela, filma aurkezten.