Azken egunotan Paul Urkijo Alijo zinemagile gasteiztarraren Gaua ikusteko aukera izan da Zumaian. Azken saioa izango da gaur Aita Marin, eta berezia izango da gaurkoa, bertan izango baita Urkijo bera ere. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Sarrerak leihatilan bertan eskura daitezke, edo aurrez Internet bidez erosita, sarrerakzumaia.eus helbidean.
Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza ditu aktore protagonistak. "Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat" euskal mitologiako betiereko esaldia bere hirugarren film honetan Paul Urkijo Alijok eta fotografia, arte, jantzi eta efektuetako bere talde bikainek oinarri duten leitmotiv sendoetako bat da. Maitasunezko istorio batek zeharkatzen ditu eszenatokiak, non kondairak egia bihurtu, sorginak duindu, apaiz fedegabeak betiko galdu, perretxikoek pozoitu edo liberatu, emakumeek etxeko patxarana edan eta Deabrua Akerbeltz gorena den. Han, erabateko purutasun erotiko bihurtzen da musu beltza. Soinu-banda Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregirena da, baina lehen ere abestu zuen Patti Smithek: maite dutenena da gaua.