Aurten Zumaiara bizitzera etorritakoei ongietorria emateko saioa izan zen joan den astean udaletxean. Udalaren hitzetan, arrakastatsua izan da aurtengo saioa: 45 lagun elkartu ziren udaletxeko pleno aretoan egindako bilkuran.
Zumaiara iritsi berri direnentzat baliagarriak izan daitezkeen gaiez aritu zen han Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, horretarako, Harrera Gida oinarri hartuta. Herriaren kokapena eta euskararen garrantzia azaltzen ditu, lehenik eta behin, gidak. Erroldatzeaz, egoera legalaz, gizarte arretaz, osasunaz nahiz etxebizitza eta enplegua lortzeko baliabideez ere badu atal bat. Eta, amaitzeko, hezkuntza aukera eta haur, gazte, eta adinekoentzako baliabideak, berdintasuna sustatzeko tresnak eta kultur eta kirol jarduerak ere aurkezten dira, Zumaia herri bizi eta inklusibo bat bihurtzeko helburuarekin. Udalak azaldu du gida online ere eskura daitekeela, herrira iritsi berriek integratzeko informazio osoa izan dezaten. Hemen topa daiteke.