Nola hasi zinen kirola egiten?
Harri jasotzen hasi nintzen lehenbizi; nire osabak harriak egiten zituen, eta Iñaki Perurena mitikoaren entrenatzaile izan zen. Hark bultzatu ninduen harri jasotzen eta bertan egin nituen nire lehen pausoak.
Beraz, txikitatik aritu izan zara herri kiroletan.
Bai. Nire aita ere bere garaian idi probetan ibili zen, aizkoran ere bai, txingekin ere zerbait bai… Beraz txikitatik ikusi izan dudan gauza bat izan da. Apustuetara ere joaten ginen.
Zein kiroletan jardun duzu zeuk?
Harriarekin hasi nintzen. Urte eta erdi inguruz jardun nuen, baina gorputz txikia nuenez, txapelketetan hasi ginenean ez nintzen iristen mailara, eta utzi egin nuen. Horren ondoren, Mutrikuko sokatira taldekoek deitu zidaten. Hiru urte egin nituen han. Sokatiraz aparte, erakustaldiak egiten genituen txapelketarako dirua lortzeko, eta horretarako, bakoitza kirol batean espezializatu zen. Hamabost inguru ginen, eta nik txingetan nuen erraztasuna. Baserritik datorkit erraztasun hori. 30 litroko bidoiak eramaten genituen ardiak eta ahuntzak genituen txaboletara, eta ikusi nuen nahiko ondo moldatzen nintzela haiekin. Horrela hasi nintzen txingekin probatzen. Txinga txapelketetara joaten hasi nintzen sokatiran jarraitzen nuen bitartean. Ondoren, bost urte egin nituen arraunean Telmo Deunen.
Zenbat denbora daramazu txingetan?
Bi etapa izan ditut. Lehenengoa 2007tik 2010era, hiru urte inguruko, eta bigarrena, gaur egungoa, duela bi urte eskas hasita. Utzita izan nuen, baina beti nuen harra barruan. Lehen egiten nituen markekin, maila handiagoa zegoenez, gaur egun txapelen bat aterako nuela pentsatzen nuen. Emazteari beti berdina esaten nion, eta hark esan zidan proba egiteko. Ez du denbora gehiegi ere eskatzen, arraunak edota mendi maratoiak bezala, eta saiakera bat egin nuen. Horrela hasi nintzen, eta orain daramadan denbora honetan, Euskadiko txapeldunorde izan naiz eta Bizkaiko bi txapel ere baditut. Bere fruituak eman ditu saiakerak.
Erreferenterik izan al duzu?
Txingetan, bai. Lasturko gizon bat, Juan Jose Agirregabiria Arruan. Txapel pila bat zituen, bai Gipuzkoakoak eta bai Euskadikoak. Azken urteotan, berriz, Kerman Perez de Heredia arabarra izan dut laguntzaile. Hark esan dit zer entrenamendu mota egin eta hari esker irabazi ditut txapelak.
Nolakoak izaten dira txapelketak?
Bi modalitate izaten dira, gizonena eta emakumeena. Gizonetan, kirolari bakoitzak 50 kiloko txinga bana eraman behar izaten du esku bakoitzean. Lehenbizi, eskuak xaboiarekin garbitu behar izaten dira epailearen aurrean, eta gero, eskalatzeko erabiltzen den magnesioa ematen uzten dizute. Ondoren, txingak heldu, eta aurrera joaten zara txingak eskuetatik erortzen zaizkizun arte. Emakumeen kasuan, gauza bera izaten da, baina pisu gutxiago erabiltzen dute. Orain arte 25 kiloko txingak erabili izan dituzten arren, Bizkaian 35 kiloko txingekin egiten hasi dira, pixka bat berdintzeko asmoz, bestela txapelketak oso luzeak egiten baitziren. Orokorrean ez du misterio handirik, heltzeko orduan dago teknika. Hatz lodia heldulekuaren azpira sartzeko ohitura izaten dugu, preso utziz. Mina ematen du, gehienbat 50 kiloko txingekin, baina askoz hobeto helduta gelditzen da eta denbora gehiago irauten duzu.
Erresistentzia kontua da, beraz?
50 kilokoak ibiltzeko indarra ere behar da; gorputza landuta izan behar duzu. Nik, adibidez, azken urte hauetan ez dut amaitu txapelketarik eskuak zabaldu zaizkidalako, guztiak pisuagatik izan dira. Ez naiz mutil handia, 78 kilo inguru pisatzen ditut, eta txapelketako arinena ni naiz, horregatik nire kasuan gorputzak mugatzen nau. 50 kilokoak ibiltzeko eskuetan indarra behar da, baina gehienbat muskulatura eta oinarri sendo bat edukitzeak laguntzen du. Adibidez, Arroabeko txapelketarako bai behar zirela erresistentzia, eskuak eta burua.
27 kilokoak ziren horiek, ezta?
Bai, 27,4 kilokoak zehazki. Azkarrago ibili behar da haiekin. Gorputzak eta eskuek denbora mugatu bat aguantatzen dute azkenean, eta pisu arinagoarekin ahalik eta azkarren joaten saiatzen gara, metro gehiago egiteko.
Nolakoa da entrenamendua?
Astean behin txingekin entrenatzen dut, 26 kiloko batzuekin. Astean bitan berriz pisuak altxatzen hogei minutu egiten ditut, eta ergometroan beste hogei minutu. Ergometroarekin guztia lantzen duzu: besoak, hankak, gerria… 50 kilokoekin izaten diren txapelketetarako ere 26 edo 35 kilokoekin entrenatzen dut. 50 kilokoek gorputza asko zigortzen dute, beraz nahiago izaten dut txapelketetara osasuntsu iritsi eta lesioak saihestu. Lau aldiz soilik heltzen ditut 50ekoak txapelketen aurretik. Lehen askoz gehiago heltzen nien, baina giharrei dagokienez asko kaltetzen ninduten eta, gainera, gutxiago irauten nuen gero lehiatzerakoan. Emaitza hobeak ditut pisu txikiagoekin eskuak landutakoan.
Nola lantzen dituzu eskuak?
Etxean baditut malgukiekin eskuak lantzeko erabiltzen diren tresnak, baina ez ditut asko erabiltzen. Mekanikaria naiz; beraz, lanean ere eskuak asko erabili izan ditut beti. Bulego batean lana egin banu, agian beharko nuke gehiago lantzea, baina ez da kasua. Azkenaldian eskumuturrekoak jartzen ditut lehiatzean eta horiekin, izerdia eskuetara pasatzen ez denez, denbora luzeagoan irautea lortzen dut. Horrelako gauzak ikasten joaten zara denborarekin, eta asko laguntzen dute.

Trontzan ere lehiatutakoa zara.
Bai, sokatira utzi nuenean, Mendaroko lagun batek deitu zidan ea trontzan berekin hasiko nintzen galdetzeko. Maila handia zegoen garai hartan eta ez genuen txapelik lortu. Duela sei urte beste lagun batek deitu zidan txapelketa batean lagunduko al nion galdetzeko, eta uste baino askoz hobeto egin genuen. Bere ohiko bikotea utzi zuen eta nirekin hasi zen lehiatzen. Bizkaian federatu nintzen garai hartan, eta lehiakideen maila lehengoena baino eskasagoa denez, azken bost urteetan lau txapel lortu ditugu.
Nolakoa da trontzan lehiatzea?
Jendeak uste du indarra behar dela, baina teknika handia eskatzen du. Mozketa bat gero eta finagoa izan, orduan eta errazagoa da egiteko. Mozten duzun zatia 2,5cm baino handiagoa bada, baliogabetzat ematen dute. Enborra tente moztea ere zaila da, orduak eskatzen ditu teknika lantzeak. Entrenatzeko, txingetan egiten dudanaren antzekoa egiten dut, astean behin edo bitan trontzan eginez. Gehienbat zutik mozten saiatzen gara entrenamenduetan, hori baita guretzat zailena. Azken finean, bikotearekin ohitu behar zara eta ezagutu egin behar duzu. Esateko, aurreko batean, larunbatean txingetan lehiatu nintzen eta igandean trontzan, eta besoak oso nekatuta nituenez, beste bikotea askoz indartsuagoa zen gu baino. Hala ere, denbora gutxi zeramaten batera, eta aurre hartu genien gu elkarrekin ohituta geundelako. Bikotea ezagutzea oso garrantzitsua da.
Herri kiroletan zer da beharrezkoagoa: indarra ala teknika?
Biak behar dira. Inoiz ezin da izan bata edo bestea, beti biak. Indarrik ez baduzu, teknika alferrik da, eta teknikarik gabe, indarra alferrik da. Gimnasioko jendea etortzen denean txingetara, izugarrizko indarra izaten dute, baina teknikarik ez, eta eskuak segituan askatzen zaizkie, ez daude ohituta bost minutu irautera 100 kilo eskuetan hartuta. Potentzia lantzen dute, baina ez erresistentzia. Trontzan ere orduak sartu behar dira, eta bikotearekin entrenatu. Hasi ginenean, lehenengo txapelketan, hiru fase zeuden. Lehenengoan, azkenak geratu ginen, baina hurrengo bietan, bigarren sailkatu ginen. Elkar ezagutu behar da, talde lana da trontza.
Agustin Uranga Billabier-ek duela 40 urte jarritako marka hautsi zenuen urrian, Arroabean.
Bai. Egia esan, aurreko astean laneko ikastaro bat izan nuen Bilbon, eta jarraitzeko astuna zenez, deskonektatu egiten nuen eta erronkarekin pentsatzen hasten nintzen. Etxean hobetua neukan marka, hiru aldiz, baina eguna gerturatu ahala tentsioa handitzen joan zitzaidan, eta katarroarekin ere ibili nintzenez, banuen kezka pixka bat. Erronka hasterakoan, hankak kargatuta sentitzen nituen, eztarria lehorra, listua botatzen ibili nintzen… Hala ere, izerdi pixka bat bota nuenean, askoz hobeto sentitu nintzen. Lehenbiziko helburua marka haustea zen, baina ikusi nuenean ongi ari nintzela, eta ahal nuen gehien egiten saiatu nintzen. 75 plaza egin zituen Billabierrek, eta 102 osatzea lortu nuen nik. Aurrekoan jakin nuen, Urangak marka hura egin zuen egunean, trontzan eta sokatiran ere egin zuela. Ziur nago txingak bakarrik egin izan balitu, berak ere 100 plaza inguru egingo zituen. Oso gizon indartsua omen zen hura, 30 urterekin 1,85 metroko altuera eta ehun kilo inguruko pisua omen zituen, baserrian lana eginda onduak.
Esan duzu buruak eragin handia duela. Zertan pentsatzen duzu txingetan lehiatzen ari zaren bitartean?
Hasieran, hatza azpian izateak mina ematen du; beraz, lehenengo, min horretan ez pentsatzen saiatzen naiz. Familia, mendia edo beste edozer gauzatan buruan izaten ahalegintzen naiz. Ondoren, hamabost minutu pasatzen direnean, eskuak inurritu egiten zaizkit. Une horretan, eskuak mugitzea-edo pentsatzen baduzu, zabaldu egiten zaizkizu; beraz, beste gauza batzuetan pentsatzen saiatzen naiz. Aurrekoan, adibidez, zazpietako kanpaiak entzun nituen. Jendearen animoak ere entzuten ditut. Ez dut pentsatzen ea ondo heldu al diedan txingei edo eskuak nola ditudan; horrela hasiz gero, askatu egiten ditut txingak. 50 kilokoekin lana motzagoa denez, zentratu egiten zara egiten ari zaren horretan, baina horrelako lan luze batean burua beste leku batean izan behar duzu. Minean pentsatzen hasiz gero, ez duzu ezer egiten.
Osasuntsu ikusten al dituzu herri kirolak gaur egun?
Duela gutxi erretiroa hartu duen Luis Mari Bengoa izan da herri kirolen sustatzaile nagusietako bat txapelketak antolatzeko orduan, eta herri kirolari ugari atera ditu hark, aizkoran eta harri jasotzen nagusiki. Orain, hura jubilatu dela eta, ziurgabetasun puntu bat badago erantzukizun hori nork hartuko ote duen. Jendea ari da formatu berriak egin nahian, proba motzago eta azkarragoekin probatzen. Adibidez, aurten, lehenbizikoz, Euskal Timber lehiaketa antolatu dute, eta oso polita iruditzen zait. Harri jasotze mundua, adibidez, osasuntsu dago. Jende asko hasi da; maila oso onean, gainera. Paulo Azpiazu eta Ainitze Zumeta, esaterako; sekulako maila dute. Aizkoran ere bada jendea, baina, agian, gaur egun plaza gutxiago daudela esango nuke. Gainera, aizkorak lan handiagoa du, egurra erostea barne. Txingak eta bestelako kirolek, berriz, boladak izaten dituzte. Izan dira hiru partaiderekin jokatutako txapelketak, eta hurrengoan bederatzi lehiakide izan direnak. Askotan herri kirol taldeek osatzen dituzte txapelketa horiek. Ea formatu berriek jende gehiago erakartzen duten.
Zein bidetatik eramango zenuke gaur egun herri kiroletan hasi nahi duen gazte bat?
Esango nuke jendeak herri kirolak asto lanarekin eta lesioekin lotu ditzakeela, baina, gaur egun, modu asko daude hasteko, pixkanaka-pixkanaka. Gainera, herri kirol taldeak eta eskolak daude. Horietan hasiz gero, asko dakien jendea izango dute irakasle, eta behar dituzten laguntza zein baliabideak emango dizkiete. Lesioak saihesteko onena teknika ongi ikastea da. Gainera, komunikabideek kirolaren mundua jendearengana iristeko egiten duten lana ere oso garrantzitsua izan da, eta polita da jendea interesarekin ikustea.