Bueltan da beste urte batez Euskararen Astea

Maria Maya Manterola 2025eko azaroaren 22a

Astelehenetik igandera artean, ekitaldi andana izango da herrian Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Larraina euskara elkarteak antolatuta. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketarekin emango diote hasiera 2025eko Euskararen Asteari.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi sorta antolatu du Zumaiako Udalak beste urte batez, Larraina euskara elkartearekin elkarlanean. Datorren astelehenetik igandera bitarte izango dira, hain zuzen ere, euskara ardatz hartuta antolaturiko askotariko jarduerak. 

Udalaren hitzetan, Zumaia egunero euskaraz bizi arren, oraindik ere euskarak bere espazio propioa eta aldarria behar ditu. Euskaraz gozatzeko, ikusgarritasuna emateko eta herritarrak kultur jardueren bidez euskara bizitzen jarraitzera gonbidatzeko antolatzen du urtero Euskararen Astea.

Egitaraua

Azaroak 24, astelehena
19:00. Alondegiko Oxford aretoan, Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sarien banaketa; ondoren, Uxue Alberdi eta Amoranteren Esne berriketan bertso saio literarioa, Oihana Iguaran eta Maddi Ane Txoperenerakin.

Azaroak 28, ostirala
Goizean, Baga Biga emanaldia (Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez) DBH4ko ikasleentzat Aita Mari zineman.

Azaroak 30, igandea
17:00. Aita Mari zineman haurrentzako filma: Sablehortz kapitaina eta Greleko kontesa 

Abenduak 2, asteartea
Eguerdian, Imanol Azkueren Mendez mende Zumaian euskaraz liburua aurkezteko prentsaurrekoa.

Abenduak 3, asteazkena | EUSKARAREN EGUNA
Goizean, ikastetxeetan 2026ko egutegia banatuko zaie HH eta LHko neska-mutilei.
19:00. Aita Mari zineman, Lurdes Iriondori buruzko Ez gera alferrik pasako dokumentala eta zuzendariarekin solasaldia. 

Abenduak 4, osteguna
19:00. Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita, Kantujira, Larraina euskara elkarteak antolatuta.

Abenduak 7, igandea
17:00. Aita Mari zineman haurrentzako filma: Barrakudaren altxorra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide